Forjarien jauregiko jabeak eraikina bota ahal izateko lizentzia dauka

Ekaitz Herrera 2021ko api. 30a, 15:14

Eraikina botako duten "zurrumurrua" Zornotzako kaleetan zabalduta dagoela esan du EH Bilduk. Andoni Agirrebeitia alkateak jakinarazi du eraikinaren jabeak eraikina bota ahal izateko lizentzia duela.

Munarri gaztetxean izandako azken gorabeherak udalbatzara ailegatu dira gaur. EH Bilduk esan du Forjarien jauregia botako duten "zurrumurrua" zabaldu dela herrian, eta gobernu taldeari galdetu dio ea "horren berririk" ba ote duen. Ander Uriarte bozeramaileak adierazi du Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak eraikina babesteko asmoa jasotzen duela, eta gobernu taldeari galdetu dio ea asmo horiek zertan dauden. 

Andoni Agirrebeitia alkateak erantzun du Udalak bazuela "eraikinari babes bat" emateko asmoa, baina jakinarazi du eraikinaren jabeak eskuartean duela jauregia bota ahal izateko lizentzia. Lizentzia hori udaletxean eskatu zuen, beste edozein aktibitate egin ahal izateko eskatzen den era berean. "Legeak araututako" ezaugarri guztiekin, alkatearen berbetan. Eta eskarian araututako guztiak betetzen direnez gero, udalak lizentzia eman dio. Agirrebeitiak gaineratu du eraikina jabetza pribatukoa dela eta bertan esku hartzea "udalaren eskumenaren gainetik" dagoela. 

Munarri gaztetxeko kideek iaz okupatu zuten garai bateko Forjarien jauregia. Azken urteotan Vusa eraikuntza enpresa izan da eraikinaren jabea.

 

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!