Zornotzako Gazte Asanbladak Forjarien jauregia okupatu eta Munarri gaztetxea sortu du bertan

Ekaitz Herrera 2020ko uzt. 20a, 18:33

Zornotzak gaztetxe berria du: Munarri gaztetxea. "Gazteok espazio propio bat eraikitzeko beharra ikusi genuen, proiektu sozial bat garatu eta herrian elkartasuna eta elkar-zaintza sustatzeko", azaldu du gazte asanbladak. Horretarako, garai bateko Forjarien jauregia okupatu dute. Vusa eraikuntza enpresa da eraikinaren gaur egungo jabea.

Zornotzako Gazte Asanbladak Forjarien jauregia okupatu zuen duela egun gutxi, eta gaztetxe berri bat atontzeari ekin dio bertan: Munarri gaztetxea. "Gazteok espazio propio bat eraikitzeko beharra ikusi genuen, proiektu sozial bat garatu eta herrian elkartasuna eta elkarzaintza sustatzeko. Herrian ezaguna den eraikin bat aukeratu genuen horretarako, Forjaseko jauregia. Azken urteotan Vusa enpresaren esku, dekadentzia egoera argian zegoena", azaldu dute.

Bestalde, kalean dabiltzan informazio batzuk gezurtatu gura izan dituzte. Gaztetxeko kideek diotenez, "sinestarazi gura" izan diete "eraikin horretan langileren batek lanean jarraitzen zuela", baina gaztetxeko kideen esanetan, hori ez da horrela. Eraikina okupatzera "sartu bezain laster" konfirmatu ahal izan zuten "kanpotik agerikoa zena": eraikinak ez zuela ur eta argi suministrorik, eta elektrizitate-sistema hormetatik "erauzita" zegoela. "Ez ginen lehenengoak eraikin hartan sartzen, bigarren pisuan norbait sartu izanaren zantzuak baitziren", esan dute gaztetxeko kideek. "Lan espazio hartako paretetan 2015eko egutegi bat zuten zintzilik. Mahai gainean zen dokumentazioa 2016 hasierako zen". Bestalde, "modu desegokian" biltegiratutako produktu "toxikoak eta oso arriskutsuak" topatu dituztela azaldu dute.

Herritarrei irekitako gazte asanblada berria

Zornotzako gazte asanblada sortu berria da eta herritarren aurrean aurkeztu du haien burua. Zornotzan sumatu duten "behar batetik" sortutako gazte asanblada dela diote, "alternatiboa, autogestionatua eta helburu soziala" duena.  "Auzolanean lan egitea posible dela uste duen oro babestua eta indartua senti dadin sortutako espazioa da, herriaren esku dagoena. Herritik eta herriarentzat sortua". Gazte asanbladaren lehen bilkuran hainbat ideia garatzea aurreikusi dute: tailerra, arropa bilketarako kanpainak, dokumental eta zinema alternatiboa proiektatzea edo ikaslgela bat sortzea, besteak beste.

Zornotzako kolektiboak gazte asanbladarekin batera ari dira koordinatzen, egon litezkeen lan-sinergiak sortzeko. Horietako bat etxebizitzaren arazoa da. Asanbladako kideek dioetenez, "etxebizitza bat lortzeko arazoak dituztenei" irtenbide bat eman gura diete "modu komunitarioan bizitzeko aukera bat emanda". Gaur egun alternatibarik eskaintzen ez dela diote. Gutxi gorabehera 70 bat gazte daude gazte asanbladaren bueltan antolatuta.

Gazte asanbladako kideak Zornotzako askotariko kolektiboekin ari dira elkarlenean, egon litezkeen lan-sinergiak sortzeko. Gutxi gorabehera 70 bat gazte ari dira elkarlanean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!