Errealista izan beharra dago. Zornotza STk aldapa gora du Barsa Basket taldearen kontrako kanporaketa. Bartzelona klubeko filiala kanporaketako faboritoa zen hasieratik, eta zigilu hori berretsi zuen martitzean, Zornotzako Larrea kantxan jokaturiko joaneko neurketan. Mikel Garitaonandiak zuzenduriko gizonek aurpegia eman zuten atsedenaldira arte (39-39), baina bigarrenean katalanen ahalmen fisikoa nagusitu zen: 63-75. Beraz, Bartzelonan jokatuko den partiduan hamahiru puntuko aldeagaz irabazi behar dute zornotzarrek. Zapatuan da partidua, 19:15ean.
Amorebietako futbol klubaren eta Zornotza Saskibaloi Taldearen ibilbideek antzekotasunak dituzte. Kasu bietan, ekonomikoki eurek baino ahaltsuagoak diren aurkarien kontra jokatu behar izaten dute eta taldearen indarra izatean da hesi hori gainditzeko errezeta.
Gainera, Amorebietaren antzera, Zornotza STk ere badaki estuasun ekonomikoak pairatzea zer den. 2016an, babesle batzuk galdu zituztenean eta diru laguntzak jaitsi zizkietenean, ataka desorosoan egon ziren: Zilarrezko Ligan jarraitu ala maila horri uko egin eta klubaren egiturako gainerako talde guztien jarraipena bermatu. Sasoi hartan, ezagun egin ziren ‘Ametsak berdeak direlako’ eskumuturreko berdeak. Jendeak euro baten truke erosi zitzakeen. Klubari laguntzeko eta gaia gizarteratzeko modua zen. Azkenean, zuzendaritzatik egindako lan sakonari eskerrak babesle berriak aurkitu zituzten eta Zilarrezko Ligan jarraitu ahal izan zuten.