Zornotza Saskibaloia Taldeak eta Barsa Basket taldeak (Bartzelona klubeko filiala) Zilarrezko Ligatik Urrezko Ligara igotzeko azken kanporaketaren joaneko partidua jokatu dute gaur Larrean. Lehenengo zatia oso parekatua izan da. Lehenengo laurdena puntu bat goitik amaitu dute kataluniarrek (18-19) eta atsedenaldian berdinketa erakusten zuen markagailuak: 39-39.
Bigarren zatian Bartzelonako jokalarien fisikoa gailendu da, zornotzarrei apurka-apurka nekeak erasaten zien bitartean. Hirugarren laurdenean 8 puntu azpitik zen Zornotza (47-55) eta partidu amaieran aldea 12 puntura joan da: 63-75.
Zornotzako saskiratzaile nagusiak Rodriguez eta Garcia izan dira hamabosna punturekin. Robinsonek zortzi puntu sartu ditu, Orlov-ek zazpi, Estalayok sei, Cabrerak bost, Salazarrek lau eta Sainz de la Mazak hiru.
Itzulerako neurketa datorren zapatuan, 19:15ean, hasiko da Bartzelonan. Zornotzarrek 13 puntuko aldearekin irabazi behar dute Urrezko Ligara igo ahal izateko.