Zornotza Saskibaloi Taldea: Etorkizun gorriari esperantza berdea

Anboto 2016ko eka. 29a, 10:11

Babesleen eta diru-laguntza publikoen jaitsierak bidegurutze batean jarri du Zornotza Saskibaloi Taldea

Gaur egun hainbat kirol profesionaletan eskurik esku mugitzen diren neurrigabeko diru kopuruekin alderatuta, 20.000 eurok hutsaren hurrengoa ematen du. Baina, gehiegi puztutako negozio-esparru horretatik kanpo bizi diren askorentzat kopuru hori bideragarritasunerako mugarria izan daiteke. Horixe da Zornotza saskibaloi taldearen kasua. Babesle nagusi bat erori zaie, Aldundiak ez die 7.000 euroko diru-laguntza bat emango, eta aurrekontuetako zenbakiak gorrian dituzte. Ez da koloreen abanikoan aurkitu daitekeen gorririk biziena, gehiago da laranja argi bat, baina egoera hori nahikoa da kontuak egunean eta zorrik barik eramatera ohituta dagoen talde bati buruhausteak eragiteko. Gauzak horrela, kolokan ote dago Zornotza S.T.-ren jarraipena Zilarrezko LEB Ligan? Ezetz dirudi, baina Joxe Etxebarria presidenteak argi du kontu bat: “Talde nagusiaren azpitik beste 18 edo 19 talde daude. Ez duguna gura da urtero balantza batean egotea eta kolokan jartzea, ez LEB mailako taldea bakarrik, baizik proiektu osoa”.
Zornotzaren aurrekontu osoa 260.000 euro ingurukoa da. Urtero 20.000 euro jasotzen zituzten babesle nagusi baten eskutik, baina aurten 10.000ra jaitsi diete, eta hurrengoan ez du jarraituko: “Berba onak baino ez ditugu eurentzat. Hiru urtean babesle nagusi horixe izan dugu bakarrik. Asko lagundu digu, eta esker oneko gaude”. Baina, buruhauste bat da. Horrez gainera, Aldunditik aurten arte jasotako 7.000 euroak ere amaitu dira: “Aurten ez digula ezer emango esan digute”.

Ondorioz, aurrekontuetako sarrera gastuak ez daude orekatuta, eta ez daude horretara ohituta: “ Ez dugu zorrik, ordainketak egunean daramatzagu. Baina, ez zaigu gustatzen ziurgabetasun horregaz kantxara jokatzen irtetea. Normalena litzateke, lana ondo egiten badugu, 20.000 euroak edo, gutxienez, zenbateko handi bat lortzea, baina, hurrengo urteetan zer? Alde horretatik, seguru jokatzea gustatzen zaigu”. Klubaren eta norberaren lasaitasunerako: “Esaterako, jokalariei edo autobus konpainiei diru piloa zor dieten presidenteak ikusi izan ditut kaletik lasai ibiltzen, baina nire edo gure zuzendaritzaren kasuan ezingo genuke hori egin. Zornotzan bizi gara eta zornotzarrekin egiten dugu gure bizitza”.

Uztailaren 12a da Espainiako Saskibaloi Federazioan izena emateko epemuga, 18:00etan hain zuzen. Izena eman ahal izateko, eskakizun ekonomikoak estali ditzakete, baina epe ertain baterako bideragarritasuna da zaindu behar dutena.

 Egunotan babesle bila dabiltza: “Lanean ari gara. Gauzak ez doaz guk gurako genukeen bezain ondo, baina badoaz apurka-apurka. 300 euroko babesletza bat oso lagungarria da guretzat, baina, jakina, asko behar. Bi-hiru urterako 25.000 euroko bat lortzea lasaitasun itzela litzateke”. Lortzen dutenarekin aurrekontu bat osatu, proposamen bat diseinatu eta bihar, ekainak 30, bazkideen urteko  batzarrean eztabaidatuko dute.

Eskumuturreko berdeak

‘Ametsak berdeak direlako’. Lelo hori idatzita duten gero eta eskumuturreko berde gehiago ikusten dira herrian. Klubaren ekimen bat da. Euro batean erosi daitezke Singin eta Pozu’s tabernetan eta Cay Ville arropa-dendan. Klubeko webgunean ere eskatu daiteke: “Gaia kalera ateratzeko modu bat da. Esaterako, asteburuan Haizetara jaialdian jarritako txosnan beren-beregi eskumuturrekoak erostera etorri zitzaigun jendea. Horixe zen helburua. Jendea kontzientziatzen ari dela uste dugu”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!