Amorebietaren igoera

Iker Unzueta: "Oraindik ez dut sinesten Bigarren Mailara igo garenik"

Anboto 2021ko mai. 23a, 13:25

Unzueta bere gurasoekin, Nuevo Vivero futbol zelai inguruan.

Atzoko balentria ospatu ostean, Amorebietako jokalariak etxera bidean dira. Autobusa arratsalde-iluntzean helduko da Zornotzara. Handik bere sentsazioen berri eman du Iker Unzueta abadiñarrak

Unzuetak titular jokatu du play off-etako partidu bietan. Ez du golik sartu, baina gogotik egin du lana, taldekide denen moduan. Ordu batzuk joan dira igoera lortu zutenetik, baina atzoko lorpena erabat barneratu barik jarraitzen du. "Oraindik ez dut sinesten Bigarren Mailara igo garenik. Sarritan amestu dut, baina orain benetan lortu dugu! Taldearen sekretua kuadrilla bat garela da", azaldu du.

Bere gurasoek eta lagunek bertatik bertara jarraitu zuten partidua, harmailetan. "Beraiek ere ez dute oraindik sinesten", dio.

Atzo 64 minutu jokatu zituen, Obietak ordezkatu zuen arte. "Gustura ibili nintzen, gozatzen", adierazi du. Lehenengo zatiko 40. minutuan langa gainetik joan zitzaion jaurtiketa izan zuen aukerarik onena. 

Aurtengo hau bere lehenengo denboraldia izan da Amorebieta klubean eta Bigarren B Mailan. Debutantea izanagatik, toki bat egin du hasierako hamaikakoan eta sei gol sartu ditu 22 urteko aurrelariak. 

Iker Unzueta bere lagun eta zaleekin igoera ospatzen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!