Amorebietaren igoera

"Hemen egotea amets bat da, baina behin hona helduta, badakigu gure aukerak ditugula eta aprobetxatzen saiatuko gara"

Joseba Derteano 2021ko mai. 22a, 14:00

Talde bietako entrenatzaileak. Ezkerrean, Iñigo Velez de Mendizabal (@rfef)

Amorebieta futbol kluba partidu historiko baten atarian dago. Gaur, 22:00etan, Badajoz taldearen kontra neurtuko ditu indarrak eta irabazten badu Bigarren Mailara igoko da. Taldea "ilusionaturik" dagoela azpimarratu du Aimar Sagastibeltza jokalariak, hedabideen aurrean eskainitako prentsaurrekoan.

Badajoz oso talde indartsua eta Bigarren B Mailako oilarretako bat da. Gainera, etxean eta bere zaleen aurrean jokatuko du, Nuevo Vivero futbol zelaian. Hori guztia gutxi balitz, beste erronka bati ere aurre egin beharko dio Amorebietak: derrigor irabazi behar du partidua. Hau da, kanporaketa honetan ez da penaltirik egongo. Arauzko 90 minutuen ostean, eta beharrik balego, luzapenaren ostean, partidua berdinketa batekin amaitzen bada, Badajoz igoko da. Bere multzoko lider geratu izanaren abantaila da. Amorebieta multzoko hirugarren moduan sailkatu zen.

Egoeraren jakitun dira zornotzarrak, baina ez dira hain urrun heldu orain amore emateko. "Hemen egotea amets bat da, baina behin hona helduta, badakigu gure aukerak ditugula eta aprobetxatzen saiatuko gara", adierazi du Aimar Sagastibeltza jokalariak. Ildo beretik mintzatu da Iñigo Velez de Mendizabal entrenatzailea ere. "Badakigu Badajoz [Bigarren B Mailako] 102 taldeetik onena izan dena. Baina ilusio handia dugu eta partidua heltzeko gogotsu gaude. Irabaztera irtengo gara".

Badajozen zelaian jokatzeak dakarren zailtasunari aurre egiteko mentalizatuta daude. "Egia da euren zaleen babesa izango dutena. Hori motibazioa bat gehiago da guretzat, aurre egin beharreko beste oztopo bat. Aldi berean, zelako urte arraroa izan den ikusita, milaka lagunen aurrean jokatzea plazer bat ere bada. Jokalari baten ibilbidean gehien gogoratzen diren partiduak dira", onartu du Sagastibeltzak. Velez de Mendizabalek ere uste du behin partidua hasita faktore hori albo batera geratuko dela eta alde horretatik "lasai" dagoela adierazi du. "Taldea kontzentratuta, ilusioz eta anbiziotsu ikusten dut", nabarmendu du. 

Aimar Sagastibeltza eta Iñigo Velez de Mendizabal prentsaurrekoan.

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!