Zornotzako gaztetxea desalojatzen saiatu direla salatu dute Munarriko kideek

Ekaitz Herrera / Maialen Zuazubiskar 2021ko api. 28a, 11:28

Zornotzako Munarri gaztetxeko kideen esanetan, "serrailagilea eta Ertzaintza"  gaztetxera joan dira goiz honetan. Eraikina desalojatzen ahalegindu dira, baina prozesua bertan behera utzi dute, gaztetxeko kideen berbetan, eraikinean Zornotzako Harrera Taldeko herritar migratu bat bizi delako.

Munarri gaztetxeko kideek adierazi dutenez, goiz honetan Ertzaintza eta serrailagile bat bertaratu dira gaztetxera, eraikina husteko asmotan: "Serrailagileak serrailetako bat aldatu du. Gaztetxeko kideak segituan bertaratu gara, eta esan diegu ezin dutela barrura sartu, bertan pertsona bat bizi delako. Hori esan ostean bertan behera utzi dute desalojo prozedura. Orain zer gertatuko den zain gaude", esan dute gaztetxeko iturriek. Segurtasun Saileko iturriek esan dutenez, "agindu judizial bat" dela-eta hurreratu dira desalojoa egitera. baina "auzitegi komitibak halakorik egin ezin dela" ebatzi du. 

Gaur egun, Zornotzako Harrera Taldekoa den herritar migratu bat bizi da eraikinean. Eta, gaztetxeko kideek adierazi dutenez, desalojo ahalegina "herritarra lanera joandakoan eta etxea hutsik utzitakoan" gertatu da. "Herritarra eraikinetik noiz irteteko zain egon dira, eta horren berri izaterakoan, eraikina hustera etorri dira", azaldu dute. Gaztetxeko kideek "10 eguneko epea" dute orain, "herritarra bertan bizi dela justifikatzeko". 

Bestalde, Munarri gaztetxeko kide baten aurkako prozesu judizialak aurrera jarraitzen du. Momentu honetan, auzia akordio bat negoziatzeko prozesuan sartuta dagela jakinarazi dute gaztetxeko kideek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!