"Alde guztietatik kolpatzen ari zaizkigun sentipena daukat"

Anboto 2021ko urt. 15a, 17:00

Zornotzako ostalariak kezkatuta daude negozioen egoerarekin. Venezia pizzeriako eta Harrison Hoteleko arduradunekin egin dugu berba. 

Beste itxialdi bat eta beste kolpe bat. Zornotzarrentzat gehienbat. Eta, bereziki, aldez aurretik ahul egondako ostalari zornotzarrentzat. Astea abiatzeagaz batera, udalerria pandemiaren eremu gorrian sartu zen eta ostalariek ateak zarratu behar izan zituzten hurrengo orduetan, Eusko Jaurlaritzak hala aginduta.

Orain aste batzuk atzean utzitako egoera berriro ere errepikatzen ari denez, ostalariak egoerari nondik heldu ezinda dabiltza. "Gure negozioan dena dugu: hotela, jatetxea eta taberna. Baina hotelera ezin da kanpoko inor etorri eta bertako herritarrek ez dute tabernara etortzeko aukerarik. Alde guztietatik kolpatzen ari zaizkigun sentipena dut". Reinier Gonzalezek iazko uztailean hartu zuen Harrison hotelaren ardura. Sei langilek lan egiten dute han, eta Gonzalezek kezka handiz bizi du negozioaren egoera.

Harrison hotela herriaren erdigunean dago. Zelaieta parketik oso hur, Eta handik ez oso urruti, bada Zornotzan kontsakratutako beste negozio bat: Venezia pizzeria. Han ere halamoduz dabiltza egoerari eusten. Pizzeria izanik, etxera eramateko jatekoan ipini behar izan dute indar guztia negozioa aurrera ateratzeko. "Oraintxe bertan hiru behargin gaude lanean, baina gutariko bi %30era ari dira. Ordu gutxi dira", azaldu du bertako Iraide Alberdi arduradunak. Asteburuetan izaten dute mugimendurik handiena. "20:30etik 21:30era topera ibili gaitezke. Eskari guztiak batera etortzen zaizkigu. Baina gero, egunean zehar, ez dago mugimendurik", dio. Dena dela, Alberdik aitortu du bere egoera beste batzuena baino apur bat erosoagoa dela. Lokala familiarena denez, ez du errentarik ordaindu behar.

Harrison hotelaren egoera bestelakoa da. Instituzioek eskainitako diru laguntzei erreparatu die Reinier Gonzalezek. "Bateko zein besteko erakundeen diru laguntzak eskatu ditut. Hiruzpalau hilabete joan dira eta oraindino ez zaigu dirurik heldu. Urgentziaz kaleratutako diru laguntzak badaude, ez dut ulertzen zelan tardatu dezaketen hainbeste. Izan ere, hor beste kontu bat ere badago. Diru laguntzek klausula bat dute. Horren arabera, dirua jaso eta sei hilabetera negozioa zarratzen baduzu, dirua bueltatu behar duzu. Baina, jakina, nik beharrizana momentu honetan badut, eta laguntzak lau hilabete barru ematen badizkidazu, beharbada laguntza ailegatzen denerako negozioa zarratu beharrean egongo naiz", kexatu da. Puntu honetan aipagarriak dira Zornotzako Udalak ostalarientzat kaleratutako diru laguntzak. 200.000 euroko diru poltsa prestatu zuen iaz, eta 84 negoziok egin dituzte eskariak. Dagoeneko, udalak eskarietako 87.000 euro pagatu ditu.

Oraingoz, Zornotza izan da eremu gorrira bueltatu den eskualdeko herri bakarra, baina ikusteko dago zein bide hartuko duen gainerako herrien egoerak. Jaurlaritzaren esanetan, pandemiaren bilakaera "kezkagarria" da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!