Zornotzako EH Bilduk baheketa masiboa egitea eskatu dio Osasun Sailari

Anboto 2021ko urt. 14a, 14:33
Zornotzako EH Bilduk 2019ko udal eta foru hauteskundeetarako egindako ekitaldi bat. ARTXIBOA.

Zornotzako EH Bilduren iritziz, dagoeneko ezarrita dauden neurri murriztaileez gainera (itxialdi perimetrala eta ostalaritza zarratzea), bestelako neurriak ere hartu beharko lirateke. "Proba masiboek egoera hobetzen lagundu dezaketela konbentzituta gaude", adierazi dute.

Zornotzako EH Bilduk udalerrian baheketa masiboa egin dezan eskatu dio Osasun Sailari. "Inguruko udalerri askotan antzeko egoeran daude (Bermeon, Durangon, Gernikan, Ermuan...) eta Osakidetzak test masiboak egin ditu. Zornotzan zergatik ez?", galdetu dute. Osasun Sailari eskaria egiteaz gainera, udal gobernu taldearentzako berbak ere izan ditu koalizioak. "Udala ezin da besoak gurutzatuta egon, goragoko instantziaren batek neurriak noiz hartuko zain", adierazi dute. Datuak "benetan kezkagarriak" direla, eta kutsatzeen gorakada "ahalik eta azkarren gelditu beharra" dagoela iritzi dio koalizioak. Ostalariek bizi duten "egoera injustuari irtenbide bat" eman behar zaiola ere gaineratu du.

Zornotza eremu gorrian sartu da aste hasiera honetan. Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, udalerriko intzidentzia-tasa, gaur gaurkoz,  803koa da 100.000 biztanleko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!