Zornotza Saskibaloi Taldeak barrualdeko jokoa indartu du Jeremy Rodriguez dominikarraren eta Vladimir Orlov ukrainiarraren fitxaketekin

Anboto 2020ko abu. 16a, 12:07

Urrezko Ligara igotzeko borrokan ibili gura duen taldea osatzen ari da Zornotza.

Jeremy Rodriguez (Santiago, Dominikar Errepublika, 1996) 2.01 metroko hegaleko pibota da eta Ameriketako Estatu Batuetako NCAA ligan jardun du orain arte. "Jokalari indartsua da, energia askoduna eta NCAA-ko erreboteatzaile onenetakoa izan da", definitu dute klubetik ohar batean. 

Floridan eman zituen lehen urratsak eta 2018an Tennesee estatuko Buccaneers taldera joan zen. Denboraldi hartan, batez batez, 11 puntu sartu eta ia 11 errebote eskuratu zituen; hurrengo denboraldian bere konferentziako txapelketa irabazi zuen.

Orlov, Real Murtzia taldetik

Vladimir Orlov (Jarkov, Ukrainia, 1995) Real Murtzia taldetik dator. Talde horrekin Urrezko Ligara igo zen iaz. Jokalari garaia da, 2.08 metrorekin. Urte asko eman ditu Andaluzian, espainiar herritartasuna du eta Unicaja Malaga eta Cajasol Sevilla klubetan eman zituen lehen urratsak. Harrezkero beste hainbat taldetako elastikoa jantzi du. "Gaztea den arren, esperientziadun jokalaria da. Uztai azpian zein zuzeneko blokeoan garrantzitsua izateko dohaiak ditu", azaldu Mikel Garitaonandia entrenatzaileak.

Talde indartsua

Urrezko Ligarako borrokan ibiltzeko taldea osatzen ari da Zornotza. Orain barrualdea indartzeko fitxaketa bi iragarri dituen moduan, aurreko asteetan kanpoaldeko jokoa sendotzeko izen berriak jakinarazi ditu, Bryson Robinson eskolta, besteak beste.

Etxeko jokalarien aldeko apustua egitea da beste helburu bat. Horrela, taldeko sei jokalari bizkaitarrak izango dira: Joseba Estalayo, Borja Mendia, Mikel Sainz de la Maza, Jon Aldekoa, Iker Salazar eta Jon Manjon. 2013/14 denboraldian Zilarrezko Ligan lehenengoz aritu zirenetik ez zebilen hainbeste bizkaitar taldean, klubetik gogoratu dutenez.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!