Garitaonandiak eta Estalayok Zornotza Saskibaloi Klubean jarraituko dute

Joseba Derteano 2020ko uzt. 9a, 10:56

Sarritan, jokalari berriak ekartzea baino garrantzitsuagoa izan daiteke daudenei eustea. Ildo horretatik, Zornotza Saskibaloi Taldeak aste honetan iragarri du Mikel Garitaonandia entrenatzaileak eta Joseba Estalayo kapitainak taldean jarraituko dutela hurrengo denboraldian.

Batak zein besteak taldean duten pisua ondoko datu biek islatzen dute: Garitaonandiak bederatzigarren urtea beteko du zornotzarren aulkian; Estalayok 183 bider jantzi du klubeko kamiseta eta bera da federazioen ligetan Zornotzagaz partidurik gehien jokatu duen jokalaria.

Garitaonandia 2010ean heldu zen klubera. Lehenengo urte bietan bigarren entrenatzaile aritu eta gero, 2012an entrenatzaile nagusi bihurtu zen eta lehenengo ahaleginean Zilarrezko Ligara igo zuen taldea. Ondoren, 2016an, taldea Urrezko Ligara igotzetik urrats batera geratu zen.

Esperientzia eta gaztetasuna
Estalayok beste urtebeterako luzatu du kontratua eta seigarren denboraldia beteko du Zornotzan. Taldeko beteranoetarikoa den arren, oso gaztea da oraindino. 25 urte ditu. Garitaonandiak Estalayoren garrantzia azpimarratu du. "Gure puzzlea osatzeko lehenengo pieza da. Bere moduko jokalariak dira gure proiektuari zentzua ematen diotenak", adierazi du

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!