Amorebono kanpaina martxan ipintzen den bigarren aldia izango da. Abenduaren erdialdera arte egongo da martxan. Iazko kanpainak 20.000 euroko inbertsioa izan zuen, baina aurtengo kanpainan nabarmen igo da inbertsio kopurua. Udalak 285.000 euro ipiniko ditu 57.000 erosketa bono diruz-laguntzeko.
Erosleek 15 eurotan eskuratu ahalko dituzte bonuak, gero, herriko komertzioetan 20 euroko erosketa egin ahal izateko. Erosketa bakoitzean bi bonu erabili ahalko dira aldi berean. Kanpainan parte hartu gura duten negozioek izena eman beharko dute sustapena@amorebieta.eus helbidera idatzita edo Herritarren Arretarako Zerbitzuan jakinarazita. Kanpaina uda baino lehen hasiko dute. Bonuen erosleak, berriz, zornotzarrak zein Zornotzatik kanpokoak izan ahalko dira.
"Aurrekaririk gabeko kanpaina"
Andoni Agirrebeitia alkatearen esanetan "Covid-19ak eragindako beharrizainei erantzuteko kanpaina da" Amorebono, herriko komertzioak laguntzeko bokazioa duena. Ildo beretik egin du berba Estibaliz Martiartuk, udaleko enplegu, ekonomia sustapen eta langileria zinegotziak. "Aurrekaririk gabeko kanpaina" lez izendatu du aurtengo kanpaina, "herriko negozioak jasaten ari diren egoera larria arintzea" helburu duena.
Udalbatza osatzen duten indar politiko guztiek babestu dute egitasmoa.