Agortu dira Durangoko komertzioetan erabiltzeko udalak eskuragarri jarri dituen deskontu-bonoak

Anboto 2020ko eka. 4a, 09:27

Herritar bat deskontu-bonoa eskuratzen. (Argazkia: @DurangokoUdala)

Ekimenak arrakasta izan du eta bonoak hiru egunetan agortu dira.

Osasun krisiak herriko negozioetan eragindako kaltea leundu asmoz, Durangoko Udalak deskontu-bonoen kanpaina bat abiatu zuen astelehenean. Durangarrek 10 eurotan erosi ahal izan dituzte bonoak, gero, herriko dendetan 20 euroko erosketa egiteko. Ekimenak herritarren interesa piztu du eta salmenta puntuetan bonoak eskuratzeko ilarak sortu dira une askotan. Horrela, bonoak lortzeko epea ekainaren 28ra arteko zen arren, hiru egun eskasetan agortu dira, udalak sare sozialetan informatu duenez.

"Gobernu talde honentzat ezinbestekoa da herritarren inplikazioa egunerokoan, eta kanpaina honek berriz ere erakusten digu durangarrek tokiko negozioetan kontsumitzearen aldeko apustua egiten dutela. Herritarren zati handi bat tokiko kontsumoa sustatzen inplikatu izana eskertu nahi dugu”, azaldu dute Ima Garrastatxu alkateak eta Julian Rios alkateordeak.

Suspertze Planaren barruan, udalak antzerako beste bi kanpaina egingo ditu urtean zehar. 30.000 euroko inbertsioa izango du bakoitzak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!