N-634 errepidean, Berna eta Euba arteko lanak amaitu dituzte

Anboto 2020ko eka. 1a, 11:11

Biribilgune berriaren irudia.

Hurrengo, Eubatik Montorrara arteko tartea eraberrituko dute. Proiektuaren idazketa "amaitzen" ari direla informatu dute Bizkaiko Aldunditik.

Bernatik Eubara 2.5 kilometroko errepide zatia berrantolatu dute, 3.6 milioi euroko inbertsioarekin. Besteak beste, errepidea konpondu (drainatze sistema, asfaltoa, seinaleztapenak...) eta biribilgune berri bat egin dute, trafikoa mantsotzeko eta norabide aldaketak ahalbidetzeko. Errepide horretatik 20.600 ibilgailu igarotzen dira egunero eta egindako lanekin istripu kopurua gutxitzea itxaroten dute, Aldundiko ohar baten arabera.

Euba eta Montorra artean

N-634 errepidea faseka konpontzen ari dira. Lehenengo Iurreta-Arriandi arteko zatian aritu ziren eta orain Eubara artekoa amaitu dute. Hurrengo tartea Eubatik Montorrara bitartekoa izango da, 6.3 milioi euroko inbertsioarekin. Proiektuaren idazketa "amaitzen" ari dira. Inbisa industrigunerako sarreran biribilgune bat egingo dute eta zuzengune horren hasieran zein amaieran dauden bihurguneak leunduko dituzte. Horrez gainera, oinezkoentzako azpiegiturak hobetuko dituzte San Antonio auzoan. Auzotarrek askotan egin dute protesta segurtasuna hobetzeko neurriak eskatuz. "Alternatiba denak aztertu ostean, oinezkoentzako pasarela batentzako proiektua idazten ari gara", azaldu dute Aldunditik. Horrez gainera, oinezkoentzako bide bat egin eta autobus geltokia egokituko dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!