N-634 errepidea berrantolatuko dute Arriandi eta Berna bitartean

Anboto 2016ko eka. 6a, 09:16

Iurretako Arriandi eta Zornotzako Berna auzoen artean N-634 errepidea berrantolatzeko proiektua onartu du Bizkaiko Aldundiak. Errepide sarea hobetu eta modernizatzeko Bidesarea planean sartzen dira lanok, eta 3,2 milioi euroko inbertsioa eskatuko dute.

N-634 errepiderako sarbideak berrantolatuko dituzte. Horretarako, ezkerretarako biraketak kendu, eta irlatxo deflektoreak jarri dituzte sarrera-irteera guztietan. Pisatzeko baskularen inguruan dagoen noranzko aldaketa ere kendu egingo dute; horren ordez, biribilgune bat egingo dute San Migel ermitaren eta Orobio ibaiko zubiaren artean. Bestalde, N-634 eta BI-3332 errepideen arteko bidegurutzea berrantolatu egingo dute.

Autobus geltoki berri bat ere aurreikusi dute egitasmoan, Bernabeitiarako (Zornotza) sarbidearen alboan. Argiztapena, seinaleak, balizajea eta euspen -sistemak ere hobetuko dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!