Gizarte larrialdietarako laguntzak 105.000 euro gehiagoz handituko ditu Zornotzako Udalak

Ekaitz Herrera 2020ko api. 30a, 09:00

Andoni Agirrebeitia alkateak jakinarazi du osasun eta ekonomia krisialdiari aurre egiteko handituko dutela gizarte larrialdietarako diru-kopurua. Pandemiaren aurretik finkatutako 220.000 euroko poltsa, 325.000 eurokoa izango da aurrerantzean. Zornotzako Udalak osoko bilkura egin du gaur, modu telematikoan, lehenengoz.

Zornotzako Udalak osoko bilkura telematikoa egin gu gaur. Bilkura minutuko isilune batekin hasi dute eta alarma egoeran zehar hildako guztiak izan dituzte gogoan. Horren ondotik, gizarte larrialdiei begirako neurri berriak hartu dituzte. Andoni Agirrebeitia alkateak jakinarazi duenez, gizarte larrialdietarako laguntzak handitu egingo dituzte hasiera batean aurreikusita zeuden 220.000 eurotik 325.000 eurora pasatuz.

Bestalde, udalak iragarri du elkarlan bat hasiko duela aurki Azterlan fundazioarekin. Elkarlan horrekin laguntza eskaini gura die Zornotzako enpresei, "beraien hazkundea eta lehiakortasuna areagotzeko jarduera berritzaileak garatu ditzaten".

Eraso eta hilketa matxisten gaitzespena

Konfinamendu egun hauetan izandako hainbat eraso eta hilketa matxista ere gaitzetsi dituzte osoko bilkuran. Batetik, Zornotzako emakume batek jasandako erasoa salatu dute. Martxoaren 21ean izan zen erasoa, nahiz eta aste eta erdi inguru pasa arte ez zen gertakaria jakitera eman. Zornotzako mugimendu feministak eta udalak erasoa gogor gaitzetsi zuten apirilaren hasieran. Bestalde, Soraluzen (Gipuzkoa) gertatutako hilketa matxista irmoki gaitzetsi dute. Martxoaren 16an gizonezko batek bere ama hil zuen han.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!