Zornotzan tentsio altuko lerroaren lanik martxan balego, horiek eteteko eskatu dio EH Bilduk alkateari

Ekaitz Herrera 2020ko mar. 2a, 12:18
Hainbat herritarrek Belatxikietan egindako protesta bat, iaz

Zornotzako EH Bilduk ez du "momentuz" herrian tentsio altuko linearen lanak hasi diren informaziorik, baina hasiko balira, lan horiek etetea eskatu dio alkateari. Andoni Agirrebeitia alkateak erantzun du, lanak baimenik barik hasi diren informaziorik izango balu, "teknikariak bidali, argazkiak hartu" eta jakinaren gainean ipiniko lukeela Aldundia.

Pasa den urtarrilaren 28an osoko bilkura egin zuten Zornotzan eta EH Bilduk Güeñes-Itsaso tentsio altuko linearen gaineko kezka agertu zuen. Zehazki, alkateari eskatu zion tentsio altuko lanak Zornotzako tokiren batean hasiko balira, horiek eteteko. EH Bilduk Bizkaiko Foru Aldundiaren ebazpen batean oinarritu du eskaria. Ebazpen horren arabera, Aldundiak ezingo lioke Red Electrica de Españari tentsio altuko linearen lanak hasteko baimena eman, besteak beste, "baso espezieak" babestea eskatzen duelako.

Andoni Agirrebeitia alkateak eskariari erantzun zion. Azaldu zuen lanak baimenik barik hasi diren berririk izango balu, udal "teknikariak bidali, argazkiak hartu" eta jakinaren gainean ipiniko lukeela Bizkaiko Foru Aldundia.

Beste herrietan ere bai

Zornotzako kezka ez da kasu isolatua. Antzera bateko kezkak eta eskariak Durangaldeko beste hainbat herritan igarri dira. Mallabian esaterako, hainbat herritarrek salatu zuten dorreak eraikitzen hasia zegoela Red Electrica de España. Berrizen ere salatu dituzte baimen barik egindako lanak. EH Bilduk tentsio altuko linearen lanak etetea eskatu dio udalari berriki.

Zornotzako EH Bilduk azaldu duenez, tentsio altuko lerroaren aurkako adierazpena onartu zuen Zornotzako Udalak 2017an.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!