Aldundiko Foru Agindu baten kontra doala-eta, hainbat mallabitarrek goi-tentsioko argindar lineako lanak geratzeko eskatu dute

Joseba Derteano 2020ko ots. 22a, 10:00

Dagoeneko hasita daude Gueñes (Bizkaia) eta Itsaso (Gipuzkoa) lotuko dituen goi-tentsioko argindar linea egiteko lanak. Red Eléctrica de Españak 2018ko azaroan jaso zuen baimena Espainiako Ministro Kontseiluaren eskutik, proiektua "interes orokorrekoa" dela argudiatuta. Ibilbidean, Durangaldeko sei herritako lurretatik igaroko da: Zornotza, Iurreta, Garai, Berriz, Zaldibar eta Mallabitik. Mallabian begi bistakoak dira lanak Areitio inguruan.

Mallabiko EH Bilduk salatu du lan horiek Bizkaiko Aldundiko Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Saileko Foru Agindu bat aintzat hartu barik egiten dabiltzala. Aurtengo urtarrileko 422/2020 Foru Aginduan oinarritzen da hori esateko. Goi-tentsioko lineak, beste betekizun batzuen artean, ingurumena babesteko baldintzak bete behar ditu, eta Aldundiak, bere eskumena den heinean, aztertu behar du proiektuak errespetatu egiten ote dituen basa espezieen habitatak eta euren biziraupena. Ondorioa ezezkoa da. Hain zuzen ere, sai zuriaren egoera azpimarratzen du, Igorretik Lemoara arteko tarte batean. Proiektuaren ondorioz, "Igorre-Lemoako habiagintza eremuan sai zuriaren abandonu barkagaitza gertatuko da", dio txostenak. Gogoratzen du, hainbat legeren arabera, espezie hori "kalteberatzat" katalogatuta dagoela. Beraz, Red Eléctrica de Españari "baimenik ez ematea" jasotzen du ebazpeneko bigarren puntuan.

Alkatetza dekretua, prest
Foru Aginduan oinarrituta, eta auzia argitzen den bitartean, "obrak geratu" egin behar direla deritzo Mallabiko EH Bilduko Aitor Loiolak. Alkateak (EAJ) hori egin dezakeela uste du, dekretu baten bitartez. Ikusita azken asteetan lanak "izugarri arin" egiten dabiltzala, ahalik eta arinen eman beharreko urratsa dela dio, eta, prozedura azkartzeko, dagoeneko landu eta aurkeztu dutela dekretu bat udalean. Dekretuak ebazten du obrak itxi aurreko entzunaldi bat ematea Red Eléctrica de Españari, 15 eguneko epean. "Entzunaldiaren ondoren obrak legez kanpokotzat jotzen badira, obrak itxi egingo dira", jasotzen du. Igor Agirre alkateak dio aholkulari juridiko bategaz aztertuko dutela gaia.

Bitartean, herritarrak ere hasi dira mugitzen. Joan zen asteburuan, hainbat mallabitar obren gunera joan eta dorreetarako pista bi itxi zituzten sinbolikoki, baimenik ez dutela-eta argindar lineako lanak bertan behera uzteko eskatzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!