Goi-tentsioko argindar lineako lanak geratzeko eskatu dio EH Bilduk Berrizko Udalari

Maialen Zuazubiskar 2020ko ots. 25a, 10:01

Gaztelumendiko magalean dorre bat altxatu dutela jakitera eman du EH Bilduk.

Eskualdean dagoeneko hasita daude Guenes eta Itsaso lotuko dituen goi-tentsioko argindar linea egiteko lanak. Asteon, baina Berrizko EH Bilduk Berrizko Udalari eskatu dio goi-tentsioko argindar linea egiteko lanak gelditzeko. "2020ko urtarrilaren 14an Red Eléctrica de España SAUri 400kV-eko energia garraiatzeko zirkuitu bikoitzeko Gueñes-Itsaso linea egiteko baimenik ez ematea erabaki zuen Bizkaiko Foru Aldundiak, baina Berrizen obrek aurrera jarraitu dute", salatu dute Berrizko EH Bilduko kideek. Hauen esanetan, otsailaren 22an, Gaztelumendiko magaleko dorrea altxatu zuten, eta Sarrimendi eta Arietzu inguruko obrek ere aurrera jarraitzen dute. "Berrizko EH Bilduko kideak  kezkatuta gaude, jarduera hau lizentziarik gabe burutzen dabiltzala jakitun gaudelako. Gure ustez, udal arduradunok indarrean dagoen legedia aplikatu behar dugu", azaldu dute.

Ingurumenari dagokionez eta foru aginduak ebazten duenez, Berrizek esku artean duen Gueñes-Itsaso proiektuak "legea ez" duela betetzen salatu dute oposizioko kideek.

Lanak gelditzea eskatzeaz gain, Euskal Herriko ingurugiroa babesteko lege orokorrak dioena aplikatzeko, eta goi tentsioko lineak Berrizko fauna eta floran eragin ditzakeen afekzioak baloratzen dituen informe tekniko bat egiteko eskatu diote.

Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiaren ebazpenaren berri udalaz gaindiko eremuetatik jakin dutela, eta "udalak gainontzeko alderi politikoekin gai honen inguruko informaziorik ez" duela elkarbanatu, kritikatu dute EH Bilduko taldeko kideek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!