Zornotzarrek 840.000 eurorekin zer inbertsio egin erabakiko dute 2020ko aurrekontuetan

Joseba Derteano 2019ko ots. 26a, 12:51
Andoni Agirrebeitia eta Iker Basagoiti gaur Zornotzako udaletxean eskainitako prentsaurrekoan.

Iazko zenbatekoa hirukoiztu egin du udalak. Barikuan abiatuko du prozesu parte hartzailea.

Iaz, lehenengo bider, prozesu parte-hartzaile bat gauzatu zuen udalak aurrekontuetako diru zati bat —265.000 euro— zertan erabili erabakitzeko. Jasotako 173 proposamenetatik hainbat inbertsio irten ziren. Esperientzia “arraskatatsua” izan zela uste du Andoni Agirrebeitia alkateak. Horregatik, 2020ko aurrekontuei begirako diru-atala 840.000 eurora igo dute. Kopuru hori inbertsio guztien %25a izango da.

Prozesu “zabal eta irekia” izango dela azaldu du Iker Basagoiti ogasun arloko zinegotziak egitasmoa aurkezteko eskaini duten prentsaurrekoan. Proposamenak aurkezteko epea martxoaren 1ean hasi eta apirilaren 17an amaituko da. Udaleko eta Ametx erakundeko webguneetan egin ahalko da. Gura dutenek euren proposamenak idatziz entregatu ditzakete Herritarren Arreta Zerbitzuan edo Zelaieta Zentroan. 16 urtetik gorakoek eta nortasun juridikoa duten erakundeek parte hartu dezakete.

Proposamenek bete beharreko baldintzak

Proposamenek baldintza batzuk bete behar dituzte: Udalaren eskumenekoa, legezkoa, interes orokorrekoa eta teknikoki zein ekonomiko bideragarria izatea dira baldintza nagusiak.

Argiago geratu dadin, egin ezin diren proposamen batzuk zerrendatu dituzte: Langile edo enpresa konkretuen kontratazioa, eta, diru-laguntza, beka zein tasak, besteak beste.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!