Zornotzako herritarrek 265.000 euro zertarako erabili erabakiko dute

Joseba Derteano 2018ko mar. 26a, 09:05

Andoni Agirrebeitia alkateak eta Iker Basagoiti zinegotzia prozesua aurkezteko egindako prentsaurrekoan.

Prozesu parte hartzaile irekia abiatu du udalak, eta horren bitartez, udalerriko biztanleek euren proposamenak egin ahal izango dituzte 2019ko udal aurrekontuaren parte bat zelan erabili erabakitzeko.

Udalak 265.000 euro erreserbatuko ditu horretarako, hau da, aurrekontuan jasotzen diren inbertsioen %10. Gaurtik maiatzaren 15era, prozesuan parte hartu gura duten 16 urtetik gorako herritarrek eta Zornotzako elkarteek eta erakundeek, udalaren eta Ametxen webguneetan dagoen formularioa bete, edo euren proposamena udaletxean edo Zelaietan entregatu ahal izango dute. Triptiko informatibo bat ere banatuko dute etxez etxe.

Proposamenak egiteko baldintzak

Proposamenak udal eskumenekoak eta interes orokorrekoak izan beharko dira, eta gehieneko iraunaldia urtebetekoa izango da. “Ez dago zertan proiektu handien proposamena izan. Asmo txikiak ere izan daitezke, etxaurreko harlauzak apurtuta daudela, esaterako”, adierazi zuen Iker Basagoiti zinegotziak ekimena aurkezteko prentsaurrekoan.

Proposamen guztiak batu eta gero, udal sailek haien edukia ikuspuntu teknikotik, juridikotik eta ekonomikotik aztertuko dute. Udal teknikarien iritziz bideragarriak diren proposamenek lehentasuna izango dute Zornotzako 2019ko udal aurrekontuan sartzeko.

Aurrekontuan jasotzen ez diren proposamen bideragarriak hurrengo ekitaldietan gauzatu ahal izango dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!