Larrean, ikastolaren ondoko berdegunean, umeendako jolasgune bat egingo dute

Joseba Derteano 2018ko aza. 23a, 15:00

Zornotzan herritarrekin egindako prozesu parte-hartzailean irtendako proposamena aurrekontuetan jaso dute.

Gaur goizeko udalbatzarrean 2019ko aurrekontuak onartu dituzte. Inbertsioen atalean herritarrek proposatutako bost proiektu jaso dira. Izan ere, aurten lehenengoz, prozesu parte hartzaile bat burutu dute aurrekontuetako diru zati bat zertan inbertitu jakiteko. 375.900 euro bideratuko dituzte proiektu horietara.

Larrean umeendako jolasgune bat egingo dute Andra Mari ikastolaren eta aparkalekuaren artean dagoen espazioan. Bertan dauden berdeguneak eta zuhaitzak aprobetxatuz, “naturan integratuta” egongo den jolasgunea izango dela azaldu du Andoni Agirrebeitia alkateak; tirolinak eta bestelako jokuak izango ditu. Han kokatuko dute gaztetxo asko ibiltzen den ingurua delako.

Ikasgela berria Konbenio kalean

Zelaieta Zentroan ikasleei bideratutako gelak daude, baina herritar batzuek ordutegi zabalagoko azpiegiturak eskatu dituzte. Ildo horretatik, “urteko egun denetan eta ordutegi zabal batekin” erabilgarri egongo den ikasgela berri bat egingo dute Konbenio kalean, Agirrebeitia alkateak azaldu duenez. Erabiltzaileek txartel bat erabiliko dute gelara sartzeko.

San Miguel auzoko udal eskola “erabat berriztea” da prozesu parte hartzailetik irtendako beste proiektu bat. Amaitzean auzotarrek euren ekintzak burutzeko erabili ahal izango dute.

Proiektu horiez gainera, Arraibiondon jolasleku  bat egin eta Ixeranen argiteria jarriko dute. Herritarren proposamen gehiago beste inbertsio batzuetan jaso direla argitu du alkateak, hala nola, Larreako bidegorria, Ganeko igerilekua umeen parkea egitea eta Legarregi auzoko berrurbanizazioa.

EH Bilduren eskaera: inbertsioen %25 herritarrek erabakitzea

“Ez dira urte asko udalbatzar honetan esaten zitzaiguna demokrazia parte-hartzailea eta antzerakoak utopia bat zirela”, esanez hasi du EH Bilduko Urko Lopezek bere interbentzioa. “Baina denborak frogatu du posible dela”. Ildo horretatik “erronka” bat luzatu dio hurrengo udal gobernuari. “Hurrengo aurrekontuetan, inbertsioen %25, gutxienez, herritarrek erabakitzea”. Lopezen esanetan, "herriari galdetu zaionean, herriak erantzun egin du, proposamenak ekarri eta aurrekontuak aberastu dituzte”.

HERRITARRENGANDIK IRTENDAKO BOST PROIEKTUAK

San Migueleko eskola berriztea: 170.000 euro

Larreako jolasgunea: 120.000 euro

Arraibiondoko jolasgunea: 45.000 euro

Ikasgela: 20.900 euro

Ixerango parkeko argiztapena: 20.000 euro

GUZTIRA: 375.900 euro

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!