"Zornotzan herriko talde guztiek elkarregaz zerbait egin dezakegula erakustea da helburu nagusia"

Joseba Derteano 2018ko urr. 18a, 19:00

Zornotzako 26 elkarte, ikastetxe eta eragilek indarrak batu dituzte Euskal Jaia antolatzeko. Zapatuan Zornotzan nagusituko den jai giroaz haratago, elkarlanaren balioa azpimarratu dute antolatzaileek.

"Zornotzan talde guztiek elkarregaz zerbait antolatu dezakegula erakustea da helburu nagusia. Horrelakoetan sortu daitezkeen beldurrak alde batera utzi eta talde guztien artean, elkarregaz, horrelako ekimenak aurrera atera daitezkeela erakutsi gura genuen", adierazi du Udabarri dantza taldeko Igone Idigorasek.

Elkarteetara Euskal Jaia antolatzeko ideia proposatzera jo zutenean, "baietza eta lanerako gogoa", aurkitu zituztela gogoratu du Idigorasek. "Antolaketak lan handia eskatzen du, baina horrelako erantzuna jasotzea polita da benetan".

Dantza talde, bertso eskola, ikastetxe, txistulari, txalapartari, abesbatza, batukada, musikari, euskara talde eta herriko ekoizleak dira antolatzaileen zerrenda luzea osatzen dutenak. Euskara eta euskal kultura bere adierarik zabalenean hartutako taldea da, Larrea ikastetxeko Belen Beaskoetxearen esanetan. "Talde kultural ugari batzen badira, ekimen borobilagoa sortzen da, ez hain norabide bakarrekoa. Horrek hainbat esparru lantzeko aukera eskaintzen du. Denok osatzen dugu kultura. Ikastetxeetan ere kultura adiera zabal horregaz zabaltzen dugu", adierazi du.

Maiatzetik hainbat batzar egin dituzte. Arlo askotako elkarteak mahai beraren bueltan batu dira eta horrek taldeen arteko kohesioan sakontzen lagundu duela uste du Beaskoetxeak. "Dudarik barik, denon arteko elkarlan honek herria bera aberastu egiten du".

Bost gune goizean
Goizean herri osora zabalduko dute jaia. Abesbatzak, trikitilariak eta dantzariak bost gunetan banatuko dira, 11:30ean: Zelaieta parkean, Gernika eta Andra Mari plazetan, Pike eta Harrison plazetan, Kalbario eta Herriko plazetan, eta Ogenbarrena eta Venezia inguruetan. 13:00etan Zelaieta parkera abiatuko dira kalejiran, gune nagusira, eta hantxe bazkalduko dute. 230 bat lagun batuko dituen bazkarirako menua Iraunkor taldeak prestatu du. "Jatea ere kultura da, ohitura batzuetara lotuta dagoen kultura. Iraunkorreko ekoizle dezentek parte hartu dute eta bertoko elikagaiekin egindako bazkaria izango da", esan dute elkartekoek. Horrez gainera, erabiliko dituzten mahai-tresna guztiak biodegradagarriak izango dira.

Arratsaldea bertsolariek, kantaldiek eta erromeriek girotuko dute. Herritarrei parte hartzeko eta euskal tradizioari lotutako jantziekin jantzita joateko deia egin diete antolatzaileek. Hain zuzen, domekara bitartean baserritar jantzien inguruko erakusketa bat ikusi daiteke Zelaieta zentroan.

EGITARAUA-URRIAK 20

 

11:30; Kantaldi eta dantzaldiak. Herriko abesbatza, trikitilari eta dantzariekin, herritik zehar

12:00; ‘Zaku bete ipuin’, Miren Larrea ipuin kontalariaren eskutik. Zelaietako kontzertu gelan.

13:00; Kalejira. Herritik zehar.

14:00; Kittu, Zelaieta Parkean. Txalapartariak.

15:00; Herri bazkaria. Zelaieta Parkean

16:30; Bertsolariak eta Abar Bertso Eskola. Zelaieta Parkean.

17:00; Eneko eta Markel. Kantaldia Zelaieta Parkean.

18:30; Inun eta Horma. Kontzertua Zelaieta Parkean.

19:00; Erdizka Lauetan. Erromeria Zelaieta Parkean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!