Abesbatzak, dantzariak, musikariak, bertsolariak, euskara taldeak… Zornotzako 23 elkartek edo eragilek Euskal Jaia elkarlanean antolatzea erabaki dute. “Herriko taldeok urte osoan hainbat jarduera sortzen ditugu, baina gutxi dira elkartzeko izaten ditugun aukerak. Horregatik, gure asmoa da hurrengo urteetan jarraipena izango duen Euskal jaia antolatzea, non herriko taldeok parte hartu eta elkarlanean arituko garen”, arrazoitu dute ohar batean. Egun horretan baserritarrez jantzita joateko deia egin dute eta ekitaldlrako beren-beregi ateratako zapiak salgai jarriko dituzte.
Goizean, herriko bost gunetan talde kulturalek musikarekin, dantzekin eta abestiekin alaituko dute giroa, 13:00etan hasiko den kalejiran, Zelaieta parkera hurbildu arte. Han Zaparrada batukadak eta Kittuk jai giroa jarriko dute, txalapartariek bazkarirako deia egin arte.
Euskal Jaiko bazkaria Iraunkorrek prestatuko du, eurek ekoiztutako produktuak erabilita; hain zuzen ere, babak —barazki, txorizo eta okelagaz— eta jogurta; edateko, bertoko txakolina eta sagardoa. Bazkarirako txartelak Urtzan eta Xiberun daude salgai, 15 euroan.
Bazkalostean, bertsolariez, Eneko eta Markelen kantaldiaz eta Inun eta Hormaren kontzertuaz gozatzeko aukera egongo da. Eguna amaitzeko, Erdizka Lauetan taldearen kontzertua izango da.
Bestalde, urriaren 8tik 21era be, Zelaieta zentroko auditorio aurrean eta Jaialdiren eskutik, baserritar jantzien erakusketa egongo da.
EGITARAUA-URRIAK 20
11:30; Kantaldi eta dantzaldiak. Herriko abesbatza, trikitilari eta dantzariekin, herritik zehar
12:00; ‘Zaku bete ipuin’, Miren Larrea ipuin kontalariaren eskutik. Zelaietako kontzertu gelan.
13:00; Kalejira. Herritik zehar.
14:00; Kittu, Zelaieta Parkean. Txalapartariak.
15:00; Herri bazkaria. Zelaieta Parkean
16:30; Bertsolariak eta Abar Bertso Eskola. Zelaieta Parkean.
17:00; Eneko eta Markel. Kantaldia Zelaieta Parkean.
18:30; Inun eta Horma. Kontzertua Zelaieta Parkean.
19:00; Erdizka Lauetan. Erromeria Zelaieta Parkean.