“Sail biek hainbat zerbitzu eskaintzen dituzte eta sentsazioa genuen herritarrek ez zituztela ezagutzen. Horregatik kalera ateratzea eta herritarrengana hurreratzea erabaki dugu, euren beharrizanak jasotzeko, dudak argitzeko eta zerbitzuen berri emateko”. Horrelaxe laburbildu du Itxaso Iriondo Gizarte Ekintza alorreko zinegotziak ekimenaren muina gaurko prentsaurrekoan. Alicia Hernandez Berdintasun saileko zinegotziak ere "komunikazio bideak zabaltzearen" garrantzia azpimarratu du.
Hiru egunetan kalera irtengo dira eta karpa informatiboak jarrito dituzte hainbat gunetan. Astelehen goizean Etxanon egongo dira eta arratsaldean Euban. Martitzenean Osasun Zentroaren parean egongo dira goizean eta Zelaietan arratsaldean. Azkenik, eguaztenean Sabino Arana eta Andra Mari kaleetan egongo dira. Goizetan 10:30etik 13:30era jarriko dituzte postuak eta arratsaldetan 16:30etik 19:30era.
Galdetegia erantzuteko aukera
Sail bietako informazioa eta zerbitzuen zerrenda jasotzen dituen triptikoa banatu dute etxez-etxe. Postu ibiltarietan ere egongo dira eskuragarri. Triptiko horietan galdetegi bat dago eta herritarrek euren iritzia eman dezaten hainbat gairen inguruan. Galdetegiak udaletxean, Nafarroan Zentroan, Zelaieta Zentroan eta informazio guneetan utzi ahalko dira. Galderak udaleko webgunean ere erantzun daitezke ekainaren 3ra arte.
Udalak hainbat prozesu parte hartzaile abaitu ditu azken aspaldian: euskararen eta Plan Orokorraren ingurukoak, esaterako.