Zornotzan euskarak duen egoera ebaluatu dezakete herritarrek

Anboto 2018ko mai. 8a, 10:58

Ekainaren 2an herri-gogoetarako tailerra egingo dute.

Euskararen erabilera indartzeko asmoz, Zornotzako Udalak Euskararen Plan Estrategiko berria landuko du 2019an. Plan berria abiatu baino lehen, orain arte euskararen arloan egin den lana ebaluatu eta, gaur egun, herrian euskararen egoera zein den jakin gura du. Horretarako, udalak prozesua abiatuko du Elhuyar Aholkularitzarekin elkarlanean, azken urteetan egindakoa ebaluatzeko eta gaur egungo argazkia lortzeko.

Zornotzarrek bi bide izango dituzte prozesu honetan parte hartzeko. Batetik, on line galdetegia: zornotzarrek euskararen erabileraren inguruan dituzten iritziak, espektatibak eta ideiak jasoko dira inkesta baten bidez. Inkestan parte hartzeko udal webgunera sartu beharko da. Edonork erantzun dezake galdetegia, maiatzaren 7tik 21era.

Bestetik, herri-gogoetarako tailerra: euskararen erabileraren inguruko talde-hausnarketa egiteko saio bat egingo da, modu ludiko eta entretenituan. Tailerra ekainaren 2an, zapatua, izango da, Zelaietan,  10:00etatik 13:00etara. Saioa herritar guztiei irekia izango da. Ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!