Zornotzako euskaltzaleak aktibatu gura dituzte Kike Amonarrizen hitzaldia aprobetxatuta

Anboto 2018ko ots. 26a, 09:00

Eskualdeko beste herri batzuetan ere hitzaldiak eskaini ditu Amonarrizek. Irudietan Zaldibarko hitzaldia. (Argazkia: @euskaraldia)

Otsailaren 28an Euskaraldia ekimenaren berri emango du Kike Amonarrizek Zornotzan. Ekitaldiaren amaieran ekimen horretan parte hartzeko interesa dutenentzako bideak irekiko dituzte.

Euskaraldia Euskarak 365 egun? Euskaraz jakin arren, gaztelaniaz egiteko joera duten pertsonak aktibatzeko ekimena da; hizkuntza-ohiturak aldatzeko ahalegina. Bide horretan lan egin gura dute Zornotzan ere. Horretarako euskaltzaleen parte hartzea sustatu gura dute, euskara talde bat sortuta.

Euskaraldiari ekiteko Kike Amonarrizen hitzaldia antolatu dute. Otsailaren 28an, 19:00etan, Zelaieta zentroko auditoriumean izango da. Ohar baten bidez, euskaltzaleei bertaratzeko deia egin diete udalean ordezkatuta dauden indar politikoen ordezkariek zein Zornotzako bizitza sozialean euskaraz bizitzea aukeratu duten hainbat herritarrek. Hitzaldiaren ostean euskara taldean parte hartzeko interesdunei horretarako aukera eskainiko diete.

Lehenengo helburua 11 Egun Euskaraz kanpaina antolatzea izango da, 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra. Hara heldu arteko bidea ahalik eta herritar gehienen eskutik egin gura dute. 11 Egun Euskaraz ekimenak euskaraz hitz egiten eta ulertzen duten herritarren arteko hartuemanetan hizkuntza ohiturak aldatzea du helburu.

Zornotzan %23koa da euskararen erabilera

Zornotzak 18.700 biztanle ditu eta horietatik %52.9k ondo dakite euskaraz eta %22.7k ulertzeko gaitasuna dute. Azken neurketaren arabera kalean entzuten diren elkarrizketen %23 ematen dira euskaraz. “Datu horiek ikusita, badaukagu zeregina gure herrian euskararen erabilera bultzatzeko. Zeregin horretan udalak badauka erantzukizuna, baina herritarron ardura eta lana ere bada. Lan horri heltzeko behar-beharrezkoa da euskaltzale guztiak aktibatzea”, azaldu dute hitzaldiko antolatzaileek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!