Izan ere, euskararen inguruan herrian egindako azterketa batek kaleko erabilera jaitsi egin dela azaleratu zuen. Horregatik, aurten Korrika Otxandiotik abiatuko zela jakin zenean, horren harira sortutako lan talde batek euskararen sentsibilizazioan jarduteko ardura hartu zuen. Korrikaren oihartzuna lorbide moduan erabili gura zuten. Sentsibilizazio talde horrek antolatu du biharko ekimena eta “jendea batzea eta talde sendo bat osatzea” du helburu, taldeko Oskar Bustok azaldu duenez. Gaur egungoa baino talde zabalagoa behar dute. Korrikako bideoa aurkeztu ostean Kike Amonarrizek eskainiko duen hitzaldiak pizgarri moduan eragingo duen esperantza dute.
Aguraineko ekimena buruan
Herrian euskararen erabilera sustatzeko modu bat Aguraineko esperientzia izan daiteke. Aukera bat da. Iazko azaroan, lau egunez, euskara esparru guztietara eraman zuten Agurain, 75 ordu euskaraz ekimenaren bidez. Euskaraz bizitzeko aukera naturaltasunez egitea bilatzen zuen ekimenak.