Herritarren Arretarako Zerbitzua sortzeko 100.500 euro gorde dituzte aurrekontuetan

Joseba Derteano 2017ko aza. 25a, 09:00
Gaurko udalbatzarrean aurrekontuak bozkatu dituzten unea.

Gaur egun harrera gunea dagoen tokian egokituko dute Aste Santura bitartean. Gazteen emantzipazioan laguntzeko 50.000 euro gorde dituztela da atzo onartutako aurrekontuetako beste nobedade bat.

Ez dira aurrekontuetako inbertsiorik indartsuenak, baina nobedadea dira udaleko zerbitzuen arloan eta gizarte politikan. Herritarren Arretarako Zerbitzua (HAZ) zerbitzu berria izango da. Gaur egun harrera gunea dagoen tokian kokatuko dute, hango espazioa berrantolatuta. HAZ-a Aste Santu ingururako prest egotea dute helburu, Andoni Agirrebeitia alkateak azaldu duenez. Bestetik, gazteen emantzipazioari begira, etxebizitzetako alokairuekin laguntzeko 50.000 euroko atala gorde dute lehenengo aldiz. Horren inguruko ordenantza lantzea eta onartzea izango da lehenengo pausua.

Aurrekontuen zenbateko osoa 26.879.703 euroko da, iaz baino %2 gehiago. “Zornotza kohesionatu bat dugu helburu, zerbitzu publikoen kalitatea handituz”, azaldu du Andoni Agirrebeitia alkateak. Zerbitzu publikoen atalak aurrekontuen %62 hartzen du.

Musika eskola berria egiteko 1.867.501 euro gorde dituzte. Lanak udaberrian hastea itxaroten dutela adierazi du alkateak. Horrez gainera, 3.400.000 euro erabiliko dituzte beste 15 ekintzatan. Esaterako, Urgozo kiroldegia eraikitzen hasiko dira. Tramite guztiak epeen barruan baldin badoaz, lanak 2018ko azaroan edo abenduan hasteko asmoa dute. Auzoetako hobekuntzak dira inbertsioetako beste zutarri bat: Etxanoko Dudea auzorako eta Larrearako bidegorri sarea amaitzea eta Ergoiengo San Juanera ur-hornidura eramatea, besteak beste.

2019an prozesu parte hartzailea

2019ko aurrekontuak osatzeko herritarren artean prozesu parte hartzaile bat gauzatuko dutela iragarri du Gobernu Taldeak gaurko udalbatzarrean. Oraindik ez dute metodologia erabaki eta eredu desberdinak aztertuko dituzte lehenengo.

EH Bildu eta Hiri Ekimenak ezetz bozkatu dute

EAJren eta PSE-EEren botoekin onartu dituzte aurrekontuak. EH Bilduk eta Hiri Ekimenak kontra bozkatu dute. EH Bilduko Urko Lopezen ustez, San Miguel kaleko proiektura eta musika eskolarenera “diru larregi” bideratzen da eta “beste beharrizan batzuk estaltzeko erabili zitekeen”. Kiroldegiari dagokionez, “herriko beharrizanen azterketa” baten beharra plazaratu du. Azkenik, prozesu parte hartzailearen atzean udal hauteskundeei begirako “oportunismo argia” ikusten du EH Bilduk.

Hiri Ekimeneko Alba Gutierrezek azaldu duenez, San Migeleko ur hornidura hobetzearen alde daude, baina proiektu horretako “gainerako lanak ez ditugu ikusten”. Musika eskolaren beharrizana onartuta, diru gutxiago inbertitu ziteekela uste dute eta kiroldegian beharrizanen azterketa bat egitea beharrezko ikusten dute.

PSE-EEk aurrekontuak babestu ditu euren proposamenak “jaso direlako” eta “erantzukizunez” jokatu nahi izan dutelako, Aliza Hernándezen berbetan.

 

15 EKINTZA INBERTSIOETAN

- San Migelen berrurbanizazioa: 869.484 euro.

- Bidegorri sarea amaitzea: 600.000 euro.

- Nafarroa zentroko erreforma: 550.000 euro.

- Legarrebiko urbanizazioa: 200.000 euro.

- Udaltzaingoko ofizinen brimoldaketa: 189.000 euro.

- Obretako brigadarako kamioia: 150.931 euro.

- 'La Bañera'-ko araztegia: 150.000 euro.

- Plan Orokorra lantzeko: 132.881 euro.

- Karmen eta Santa Anako irisgarritasuna: 120.000 euro.

- San Juanerako ur hornidura: 120.000 euro.

- Herritarren Harreta Zerbitzua: 100.500 euro.

- Bide publikoak hobetzeko: 100.000 euro.

- Urgozo kiroldegia eraikitzen hasteko: 100.000 euro.

- Hilerrirako igogailua: 35.000 euro.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!