Zornotzan 2017ko udal aurrekontuak onartu dituzte gaurko udalbatzarrean EAJ eta PSE-EEren aldeko botoekin. Hiri Ekimena abstenitu egin da eta EH Bilduk aurka bozkatu du.
Zenbateko osoa 26.522.266 eurokoa da eta horietatik 3.666.019 inbertsioetara bideratu dituzte. Arlo honetan, bidegorri sarean sakontzea da proiekturik nagusienetakoa. 2017an Etxanora arteko bidegorria egingo dute, 500 bat metro guztira, 500.000 eurogaz. Proiektua eginda dago. Larreako bidegorriko proiektua, aldiz, egin barik dago. Horregatik, aurrekontuan 600.000 euro lan horietara konprometitu dituzte, baina 2018ari begira.
Musika eskola, Nafarroa Zentroa eta Ganeko igerilekuak
Aurten arte osasun zentroa egon den tokian musika eskola berria egiteko proiektuari ekiteko milioi bat euro gorde dituzte. Udalez kanpoko administrazioetako baimen denak jasoz gero “lanak uda bueltan hastea da gure itxaropena”, Andoni Agirrebeitia alkatearen esanetan.
Ongizatera 507.000 euro bideratu dituzte. 400.000 euro Nafarroa Zentroan —askotariko zerbitzuak eskaintzen dituen eraikina— erreformak egiteko erabiliko dute. Gizarte Zerbitzuen Zorroak zerbitzu zerrenda bat ahalbidetzea eskatzen du eta gaur egun Nafarroa Zentroan ez dira horiek guztiak ematen. Falta diren horiek gehitzea da erreformaren helburua. Gainerako 107.000 euroak gizarte-harreta arloko beharrizanetara bideratutako pisu bat egokitzeko erabiliko dituzte.
Ganen igerileku berriak egiteak 405.000 euro eskatuko ditu. Inbertsioetan lehenengo burutuko duten proiektua dela adierazi du Agirrebeitiak eta “premiazko ekintza” bat dela. Orain dagoen eraikina eraitsi eta handiagoa den berri bat egingo dute. Ingurua ere hobetuko dute. Proiektua idazten ari dira eta datorren urte hasierarako amaituta egongo dela uste dute.
Udaltzainen bulegoak, abiadura radarra eta Astepe
Udaltzainak dauden azpiegituretan “eraberritze integral” egiten hasiko dira 60.000 eurogaz. Proiektua oraindik egin barik dago eta lanak 2017 amaieran hasiko direla kalkulatu dute. Bi urtera begirako egitasmoa da eta 2018rako 199.000 euroko beste atal bat konprometituta geratu da aurrekontuan.
Bere sasoian Astepen termitek kaltetutako etxeak eraisteko erabiliko dute 103.000 euroko diru atal bateko zatirik handiena.
Etxanotik, Larreatik eta Nafarroa kaletik kexak jaso dituzte autoen gehiegizko abiadura dela-eta. Horregatik, gune horietako autoen abiadura radar baten bidez kontrolatuko dute. Radar mugikorra da, egun batean toki batean eta hurrengoan beste batean egongo da. Agirrebeitia alkateak neurri hori zehaztu gura izan du: “Helburua ez da dirua egitea, gehiegizko abiadurari aurre egitea baino”.
Dirurik gehien gizarte zerbitzuetan
2017an 1.200.000 euro gutxiago izango dituzte Udalkutxatik. Hala ere, gizarte zerbitzuak eta enplegu sailetik ematen diren zerbitzuak “indartzen” saiatuko direla adierazi du Ogasun Batzordeko zinegotzi Iker Basagoitik. Hain zuzen, herritartasunera bideratutako 16.369.000 milioi euroetatik gizarte ekintzetarako da zatirik handiena; 3.391.700 euro, zenbateko horren %20.72a. Bigarren atal nagusia den kultura arloak (2.433.490 euro) baino ia milioi bat euro gehiago du. Azaroa amaitu aurretik aurrekontuak onartu izanaren balioa ere nabarmendu du Basagoitik udalaren kudeaketak “erangikortasunean” irabazten duelako.
EH Bildu, Hiri Ekimena eta PSE-EEren arrazoiak
EH Bilduko Urko Lopezek azaldu duenez, alde batetik, aurrekontuan jaso diren hainbat inbertsio euren hauteskunde programagaz bat datoz, bidegorri sarea, esaterako. “Proiektu horiei baietza emango diegu dagokien batzorde eta udalbatzarretan”, gaineratu du. Baina bestetik, beste puntu batzuekin ez daude ados eta, batez ere, Arreibiko eraikinaren salmenta aipatu du: “Udal ondarea saltzearan kontra jarraitzen dugu. Etorkizunean faltan bota dezakegu”. Beste emendakin bi ere atzera bota dizkiete, pleno eta batzordeetara joateagatik alderdi politikoei dagokien ordainsaria %20 murriztea, esaterako. Azkenean, aurrekontuei ezetza eman diete inbertsio onak ere badaudela onartuta.
Hiri Ekimeneko Alba Gutierrezen esanetan, Gobernu Taldeak proposatzen duen herri eredua eta eurena “guztiz kontrakoak” dira. “Ez gatoz bat obra erraldoiekin eta zerbitzu publikoek enpresa pribatuen esku uztearekin”, azaldu du. Hala ere, Gobernu Taldearekin egindako batzarrean euren “proposamenik esanguratsuenak kontuan hartu” zirela onartu du. Horregatik eta legegintzaldi hasieran “oposizio arduratsua eta proaktiboa” egingo zutela iragarri zutelako abstenitzea erabaki dute.
PSE-EEko Alicia Hernandezen ustez “aurrekontu onak” dira. Azken hamarkada bietan herriak izandako transformazioa nabarmendu du. “Zornotza Bizitzeko herririk onenetakoa eta modernoenetakoa bihurtu da”. Paktuaren onurak azpimarratu ditu eta aurrekontuen alde bozkatu ez dutenen jarrera kritikatu du.
AURREKONTUAK DATUETAN
Aurrekontu osoa: 26.522.266 euro
Herritartasuna: 16.369.181 (%61.72)
Barruko antolamendua: 6.487.065 (%24.46)
Lurraldea, inbertsioak: 3.666.019 (%13.82)
HERRITARTASUNA-GASTUEN BANAKETA (10 diru atal nagusienak)
Gizarte ekintza: 3.391.700 (%20.72)
Kultura: 2.433.490 (14.87)
Ura eta saneamenduak: 2.195.250 (%13.41)
Kirola: 1.916.100 (%11.71)
Garbiketa: 1.436.079 (%8.77)
Zabor bilketa: 1.175.709 (%7.18)
Argiteria publikoa: 765.745 (%4.68)
Enplegua: 731.419 (%4.47)
Musika: 621.900 (%3.80)
Euskara: 692.350 (%4.23)
INBERTSIOAK (batzuk)
Musika eskola: 1.026.725 euro
Bidegorri sarea: 500.000 (beste 600.000 2018an)
Ganeko igerilekuak: 405.000
Nafarroa Zentroko erreforma eta gizarte harretarako pisua: 507.000
Kaitana inguruko urbanizazioa: 195.163
Jauregibarriako zubiaren birmoldaketa:100.000
Eraikinen eraisteak:103.841
Urgozoko kiroldegiko proiektua egitea: 98.400
Saratzu auzora ur hornidura eroatea: 91.000
Udaltzaingoko ofizinen birmoldaketa: 60.000
Abiadura radarra: 20.000