Euskalduna Jauregiko administrazio kontseiluak proposamen bi zituen eskuartean, biak Zornotzako sukaldarienak: Eneko Atxarena (Azurmendi jatetxea) eta Beñat Ormaetxearena (Jauregibarria jatetxea). Gaur goizean hartu dute erabakia eta Eneko Atxaren Azurmendi Enea taldearen proiektua izan da irabazlea, ohar batean azaldu dutenez.
Lehiaketara aurkeztutako proposamen biak “kalitate bikainekoak” direla azaldu dute. Azurmendi Enearen proiektua Bizkaiko sukaldaritza tradizionalean oinarritzen da. “Bizkaiko gastronomiako errezeta tradizionalak balorean jartzea du helburu”, oharrak jasotzen duenez. Horrek, “elementu bereizgarria” eskainiko dio jatetxeari eta Bizkaiko gastronomia nazioarte mailan “indartzea” ahalbidetuko du.
Urtea amaitu arte Fernando Canalesek jarraituko du jatetxeko arduragaz. 2018ko urtarrilean eta otsailean azpiegiturak egokitzeko eta dekoratzeko lanak burutuko dituzte.