Aurtengo danborradako nobedadeetako bat izango dela azaldu du Luciano Martinez zinegotziak. Bertaratzen direnen “inplikazio handiagoa” bilatzea dute helburu Gontzal Mendibilen eta Xeberriren abestiagaz. Ibilbidean zehar birritan joko dute eta Herriko plazan beste behin. Aurtengo danborrada uztailaren 21ean, 22:00etan, izango da eta honako ibilbidea izango du: Zelaieta zentroa, Txiki-Otaegi kalea, San Pedro, San Miguel, San Juan, Nafarroa, Ibaizabal, Gudari eta Herriko Plaza.
Aurten ohorezko danborrariaren figura sortu dutela da beste nobedadea. Danborradaren alde lan egindako pertsonei euren lana aintzatesteko modua da. Sema Gonzalez da lehenengo ohorezko danborraria. Izendapenak ez du maiztasun finkorik, baliteke urtero ez egitea.
Iaz hainbat eragile batzen dituen danborrada batzordea sortu zuten. “Danborradari indar eta aupada berri bat ematea zen helburua”, azaldu du Luciano Martinez zinegotziak. Joe Gonzalezek hartu zuen zuzendari kargua. Danborradaren eguna zein ibilbidea moldatu eta pieza berri bat ere jo zuten. “Iazko aldaketek harrera ona jaso zuten, bai batzorde barrutik eta bai kanpotik jasotako iritzien arabera”, gogoratu du Martinezek.
Danborrada txikia
Uztailaren 20an, ostegunean, 18:00etan, Danborrada Txikiaren ibilbidea egingo dute: Zelaieta zentroa, Gudari kalea, San Miguel, San Juan, Gregorio Mendibil, Konbenio, Karmen, Luis Urrengoetxea, Larrabide, Karmen eta Zelaieta parkea.