Sema Gonzalez Izak (Zornotza, 1940) 17 urte zituen piano ikasketak amaitu zituenean. Gaztea izanagatik, danborradako zuzendari kargua hartu zuen bere aitak —ordura arteko zuzendariak— eta Serapio Ugartek eskatuta. Hurrengo 41 urteetako danborradak bere gidaritzapean izan ziren.
“Emozionatuta eta zoriontsu” agertu da danborrada aurkezteko gaur udaletxean egin duten prentsaurrekoan. Memoria egin eta burura etorri zaizkion anekdoten bidez, ibilbide luzeari errepasoa eman dio. 70eko hamarkadaren hasierako istorio batek Guardia Zibilagaz lotura du. Danborrada berreskuratu zuten urtean, hainbat entsegu egin eta jaietan egiteko asmoa zuten ibilbidea azaldu zioten orduko alkateari. Honek “ezta pentsatu ere”, erantzun zien, “zalaparta handiegia” aterako zutela adieraziz. “Kiostotik tren estaziora eta kitto!” esan zien. “Tarte horretan ez da inor egoten!” kexatu ziren, baina kasurik egin ezik “Guardia Zibilari deitzeko prest” zegoela esan zien alkateak. Taldekideei horren berri eman zienean, “atera dezatela Guardia Zibila, baina guk gure ibilbidea egin gura dugu”, izan zen erantzuna. Gonzalez kezkatuta zegoen, kontua txarto amaitu zitekeelakoan. Danborradaren bezperan taberna batean aurkitu zuten alkatea, Zornotzako Guardia Zibileko teniente ordeagaz eta kapitainagaz batera. Eurengana hurreratu ziren. Alkateak ezetzean temati jarraitzen zuen eta kapitainak zer gertatzen zen jakin nahi zuen. Egoera azaldu eta galdetu zien: “Danborrada jaien egitarauan sartuta dago?”. Baietz erantzun eta egitaraua erakutsi zioten. “Herrian zehar nahi genuen tokitik ibili gintezkeela esan zigun”. Eta alkatea mutu, alboan.
Udaleko banda desagertu zenekoa
70eko hamarkadakoa da bigarren anekdota ere. Danborradari udaleko bandaren musikak laguntzen zion urtero. Behin, danborradaren bezpereko saio batean pasodoble bat jo zuen bandak eta entzuleek txistuak jo zizkieten. Udal bandakoek greba hasi zuten. Gonzalezek bandakoak konbentzitu nahian eman zuen santanatxu egun osoa. “Ezinezkoa izan zen”. Beraz, zer egin? Taldekide batek txistulariekin egitea proposatu zuen. “Heldu zen eguna. Kiosko aurrea jendez beteta zegoen eta gu zer gertatu zen azaltzen geunden. Entzuleen artean herriko hainbat musikari zeudela esan zuen batek. Akademiara joan eta euren instrumentuekin etorri zitezela eskatu genien eta horrela egin zuten. Txistulariek eta musikari horiek lagundu zioten danborradari”. Udaleko banda desagertu egin zen urte hartan.
Emakumeak danborradan
Emakumeei danborradan parte hartzeko atea ireki zienekoa ere ondo gogoan du Gonzalezek. “Beste polemika bat. Ez zekitela danborra jotzen zioten batzuek. Baina etorri ziren eta bizitasun handiagaz jotzen zuten, onenen parean”.
Pertsona bi gogoratu nahi izan ditu, urteetan eskaini dioten laguntzagatik: Javi Garcia eta Javi Goitiandia. “Goitiandia danborrada amaitzen zen bakoitzean nigana hurreratu eta esaten zidan: ‘Dena behar bezala irten da zuzendari jauna. Misioa beteta! Eta oraindik hor jarraitzen du, lanean”, gogoratu du.