Zelan sortu da danborradari bultzada bat emateko asmoa?
Danborradak urteak daramatza martxan. Hala ere, azken urteotan gainbehera bat egon da. Agian, jendeak ez duelako pentsatzen urte batetik bestera zer hobetu daitekeen. Horregatik, danborradaren barrutik deialdi bat egin zen, eta batzorde bat sortu. Aurrerapausorik handiena batzorde horren sorrera izan da. Danborrada osatzen duten musikari-multzo ezberdinen ordezkariek talde horretan parte hartzen dute. Horrez gainera, batzorde horrek deitu egin zidan danborrada zuzentzeko, aurreko zuzendariak dimititu egin zuen eta. Herrikoa izanda, ezin nuen ezetzik esan.
Zein da danborradari egin diozun ekarpena?
Nik ideia musikalak ekarri ditut, beteranoentzat gauza berriak egin... Saltsa pixka bat eta energia ekarri dut. Nire ekarpena, batez ere, alde musikaletik izan da. Herriko musikariak ere parte hartzera gonbidatu ditugu. Musika eskola ere hor dugu, ikasle askogaz, eta beste musikari batzuk ere badaude herrian.
Zein nobedade dakar aurten danborradak?
Errepertorioa murriztu dut. Gainera, abesti bakoitzari ukitu berezi bat ematen saiatuko gara.
Zenbat jendek hartuko du parte?
70 lagunetik gora ditugu danborrarien taldean. Gainera, berezitasun handi bat dugu: kañeroak ere baditugula. Kainoiak su egiten du, eta, horretarako, Guardia Zibilaren baimen berezi bat eskatzen dugu. Antortxeroak, kantinerak, zaldidunak... Berezitasun bat da, orain 40 urtetik, emakumeek eta gizonek bat egiten dutela danborra jotzen, ezelango arazorik barik.
Tradizio handia dago danborradan?
Bai, askok 40 urtetik gora daramatzate parte hartzen.
Danborrada ezagutzen ez duenari, zer esango zenioke?
Datorrela ikustera. Herri osoa pozik egoten da. Lehen uztailaren 26an egiten zen, eta orain 24ra aldatu dugu, giro gehiago egoteko.