Auto, ziklista eta oinezkoen arteko elkarbizitzarako kanpaina landuko dute

Joseba Derteano 2017ko mai. 29a, 08:50

Gaurko udalbatzarreko irudia

Herriko elkarteekin eta ikastetxeekin batzeko asmoa dute euren ikuspuntuak batzeko. EH Bilduk gai honi “lehentasuna” emateko eskatu zuen 2017an hiru istripu gertatu direlako autoen eta txirrindularien artean.

Herriko bidegorrien sarea osatzen dihardu Zornotzako Udalak. Etxanorako eta Larrearakoak aurrekontuan jasota daude. Lan horiekin batera, autoen, bizikleten eta oinezkoen arteko elkarbizitzarako kanpaina bat lantzeko asmoa dutela iragarri zuen barikuko udalbatzarrean Andoni Agirrebeitia alkateak.

2017an autoen eta bizikleten arteko hiru istripu jazo direla-eta kontu honi “ahalik eta arinen heltzeko” eta “lehentasuna” emateko eskatu zuen EH Bilduko Izaskun Oyangurenek. Alkatea ados agertu zen. “Bidegorriaren aldeko apustuak kanpaina indartsu bategaz lagunduta joan behar du”.

Uda ostean hasiko dute lanketa. Herriko txirrindulari elkarteekin —Urgozo eta Amorebieta ziklismo elkartea— eta ikastetxeekin batzeko asmoa dute, besteak beste, euren ikuspuntua jasotzeko. Kanpainaren diseinuak hiru ildo landuko ditu: autoen eta ziklisten arteko elkarbizitza, ziklista eta oinezkoen artekoa eta oinezkoen eta autoen arteko.

Radarren erabilera

Aurtengo aurrekontuetan 20.000 euroko gorde zituzten radar mugikor bi erosteko. Radarrak erosi dituzte, momentuz “probak egiten” dabiltza eta aurrera begira arriskutsuenak izan daitezkeen herriguneko tokietan erabiliko dituzte gehiegizko abiadura kontrolatzeko, Agirrebeitiak azaldu zuenez. Gaur egun, 30 kilometro ordukora mugatuta dago herriguneko abiadura.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!