Zornotzako Udalak herriko aparkalekuak seinaleztatzeko plana osatu du ibilgailuak haietara bideratuko dituzten 43 seinale bertikal jarriz. Horrela, aparkatzeko leku bila egiten den denbora eta ibilbideak laburtu nahi dira (erregai gutxiago kontsumituz) ibilgailuak aparkatzeko leku librea duten aparkalekuetara bideratuz. Neurriak hainbat onura dakartzala uste dute udaleko prentsa ohar batean argitu dutenez. Alde batetik, airearen kalitatea hobetzeko pausu bat ematea dute helburu. Bestetik, oinezkoen segurtasunean ere eragin gura dute. Aparkaleku bila egiten diren joan-etorriak gutxituz, herriaren erdigunean dabiltzan auto kopurua murrizten dela eta oinezkoen segurtasuna handitzen dela azaldu dute.
Zornotzan doako sei aparkaleku daude. Ixer, Zubiondo, Ibaizabal, Betarragane, Elizondo eta Nafarroakoak batuta aparkatzeko 500 plaza daude.
Bidean Planaren barruko ekintza
Ekintza hau Bidean Planaren barruan kokatzen da. Beste batzuen artean plan honek ondoko ekintzak jasotzen ditu: herriaren erdigunean abiadura gehienez 30 km/orduko izatea, herriaren sarreran aparkatzeko zenbat leku dauden jakinarazten duten bost informazio panel digital jartzea edota oinezkoen pasabideetako argiztapena hobetzea.