Amorebieta futbol taldea Errege Kopatik kanpora geratu da

Anboto 2016ko urr. 12a, 20:07

2-0 amaitu da partidua. Santanderko Racingen aldeko penalti bi izan dira partiduan. Jon Villanuevak bat geratu du, baina bestea barrura joan da. Partiduaren hondarrean heldu da bigarren gola.

Santanderko Racing-ek Bigarren B Mailako talderik indartsuenetakoa zergaitik den erakutsi du gaur Errege Kopako hirugarren kanporaketari zegokion partiduan. Oro har, Amorebieta futbol taldea baino gehiago izan da El Sardinero futbol zelaian jokatutako partiduan. Lehenengo zatia eurena izan da. Orduerdia bete aurretik penalti baten bidez aurreratu dira. Hala ere, Amorebietak bere aukerak izan ditu, zutoinera joan zen Muniozgurenen jaurtiketa bat, esaterako.

Bigarren zatia 63. minutuko penaltiak baldintzatu du. Epaileak Javi Moreno egotzi du eta Amorebieta jokalari bat gutxiagorekin geratu da. Partidua erabakita utziko zuen penaltia, ordea, geratu egin du Jon Villanueva atezainak.Larrazabalek Ibrahima Diang eta Aitor Castro zelairatu ditu Koldo Obietaren eta Adrian Goñiren ordez azken ordulaurdenari begira, baina ahalegin guztiak alperrik izan dira. 93.minutuan Cesar Diazek bigarren gola sartu du.

Hirugarren kanporaketan amaitu da Amorebietaren aurtengo bidea Errege Kopan. Hurrengo fasean Europan jokatzen dabilen Lehen Mailako talde bat egokituko zitzaien. Hurrengo batean izan beharko du.

"Azken unera arte bizirik egon gara"


Aitor Larrazabal entrenatzaileak taldearen lehiakortasuna goraipatu du: "Azken unera arte bizirik egon gara". Lehen zatian izandako bi-hiru jokaldi arriskutsuetan gola sartzen asmatu ez izanaz penatu da. Une batzuetan Santanderko Racing taldeko jokalarien kalitatea ere erabakiorra izan dela onartu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!