Amorebieta futbol taldeak Errege Kopako hirugarren kanporaketa jokatuko du asteazkenean, 18:00etan, Santanderko Racing-en aurka El Sardinero futbol zelaian. Partidu bakarreko kanporaketa denez Santanderren bertan erabakiko da nork egiten duen aurrera. Amorebietarentzat sailkapen historikoa litzateke, sekula ez delako Errege Kopan hain aurrera heldu.
Kanporaketa gainditzeak sari itzela ekarriko luke. Sailkatzen diren Bigarren B Mailako —edo Hirugarren Mailako— bost taldeek 2015/16 denboraldian Lehenengo Mailan aurreneko bost tokietan geratu ziren edo Europan dabiltzan taldeen kontra jokatuko dute: Bartzelona, Real Madril, Atletico Madril, Vila-real edo eta Athletic Club daude aukeren artean.
Aitor Larrazabalek gidatzen duen taldea denboraldiko unerik onenean helduko da hitzordu handi horretara. Liga hasiera eskas baten ostean, azken partidu biak irabazi egin ditu eta jaitsiera postuetatik irten da. Baina Santanderko Racing ere une gozoan dago: Bigarren B Maila osoan punturik gehien duen taldea da. Beraz, kantabriarrak dira aurrera egiteko faborito.
Errege Kopako kanporaketak ikusmina eragin du Zornotzan. Futbol klubak konfirmatu duenez bihar, 10:00etan, zalez betetako autobus bi, 100 bat lagun, irtengo dira Santanderrerantza taldeari animoak emateko.