Gontzal Garcia podiumera igo da Zornotzako Udaberri Klasikoan

Anboto 2016ko api. 4a, 10:08

Gontzal Garcia atzoko lasterketetan helmugara sartzen (Argazkia: www.scamorebieta.com)

Beste Alde-La Tostadora taldeko atxondarrak junior mailako hirugarren postua lortu zuen atzo.

Asteburuan kadete, junior eta 23 urtez azpiko probak lehiatu dituzte Zornotzako Udaberri Klasikoaren barruan. Durangaldeko txirrindularien artean Beste Alde-La Tostadora taldeko Gontzal Garcia atxondarra nabarmendu zen junior mailan hirugarren amaituta. Maila horretan Arturo Gravalosek (Asesores de Navarra) irabazi zuen ihesaldi baten ostean. Jon Polledo  (Vicinay) bigarren sailkatu zen. Aurreneko hamarretan sailkatzea lortu zuen S.C. Amorebieta taldeko txirrindulari bik: Patxi Juaristik bosgarren eta Gorka Aldazabalek hamargarren.

23 urtez azpiko lasterketan Euskadi Fundazioko txirrindulariek agindu zuten: Dorian Aramendik lasterketa irabazi zuen eta Mikel Alonso bigarren sailkatu zen. Jesus Sotok (Aldro Team) osatu zuen podiuma. 

Kadete mailan Pablo Gutierrez (Efrain), Jon Barrenetxea (Baska-Avia) eta Joseba Lopez (Toyota Armentia) sailkatu ziren aurreneko hiru tokietan. Gaursa Renault taldeko Markel Rodriguez abadiñarra bederatzigarren helmugaratu zen eta S.C. Amorebieta taldeko Mikel Agirrebeitia hamaikagarren.

Datorren domekan, apirilaren 10ean, nagusien mailako Udaberri Klasikoa lehiatuko dute Zornotzan.

Dorian Aramendi helmugaratzen: (Argazkia: scamorebieta.com)

 

Arturo Gravalos helmugaratzen (Argazkia: scamorebieta.com)

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!