Urtea joan eta urtea etorri Zornotzako Udaberri Klasikoak ez dio hutsik egiten bere ohiko hitzorduari. 62. aldiari dagokion proba apirilaren 10eko domekan egingo dute aurten. UCI Pro Tour eta Kontinental mailako 13 taldek —126 txirrindulari— konfirmatu dute oraingoz parte hartzea, baina datozen egunotan kopuru hori handitu egin daitekeela adierazi zuten antolatzaileek atzo proba aurkezteko prentsaurrekoan.
Horrelako probak antolatzailea "gero eta zailagoa den sasoi hauetan", Amorebieta txirrindularitza elkartearen lana goraipatu zuen Mitxel Etxebarria udaleko kultura eta kirol arloko zinegotziak eta behar dutenerako "udalaren babes osoa" eskaini zien. Gazte mailetan egiten duten lana ere azpimarratu zuen.
Faboritoak bereiztea ez da erraza, baina Jose Herrada eta bere talde Movistar iazko garaipena berritzeko gogoz etorriko dira. Gorka Izagirre ormaiztegiarra ere ekarriko du Movistarrek. Durangaldetik Mikel Bizkarra mañariarrak parte hartuko du Euskadi Basque Country-Murias taldeagaz. Estatu mailako lau taldegaz batera, Portugalgo lizentzia duten hiru eta Erresuma Batu, Errusia, Kuwait, Serbia eta Kolonbiako bana ariko dira.
Proba 09:25ean hasiko da Nafarroa kalean. Ibilbideari dagokionez (171 km), Muniketarako hiru igoerei eutsiko diote: behin Iurretatik eta birritan Ibarruritik. Hiru igoerak azken 50 kilometroen barruan kontzentratuta daude.
Gazte mailetako probak
Ohi moduan, lasterketa nagusiagaz batera, gazte mailako beste hiru ere antolatuko ditu Amorebieta txirrindularitza elkarteak asteburu honetan.
Zapatuan, 10:00etan, Lehendakari Txapelketari —23 urtez azpikoa— dagokion proba lehiatuko dute 126 kilometrotan zehar. Domekan, 10:30ean, gazte mailakoen txanda izango da (86 km) eta, 16:30ean, kadeteena (42 km).