Ziztada Gune Askeko (Zornotzako lokal okupatuari jarri dioten izena) asanbladak lehenengo agerraldi publikoa egin zuen atzo lokalaren atarian eskainitako prentsaurrekoagaz; 25 bat lagun batu ziren, horietako batzuk erlez mozorrotuta, mugimenduaren izaera islatu asmoz. Gai bi izan zituzten berbagai: sei lagunen inputazioa salatzea eta lokalaren inaugurazioa iragartzea.
Lokaleko jabeak salaketa jarri ostean 6 gazteri usurpazio delitua egotzi dietela adierazi zuten: “Gutako bi ertzainak identifikatu gintuen lokalean bertan eta beste lauri zitazioa zuzenean heldu zaigu etxera, inork lehenago identifikatu barik”. Ondorioz, irailaren 11n sei inputatuek Durangoko Epaitegian deklaratu beharko dute. Zigorrak 120 eurotik 1.800 eurora bitartekoak izan daitezkeela gogoratu zuten, jabeari salaketaren kontua “birpentsatzeko” eskatu zioten eta “negoziatzeko borondatea” berriro plazaratu zuten.
Okupazioa “zilegi” ikusten dutela berretsi zuten eta ekintza kultural autogestionatuak eta merkatutik kanpokoak antolatzen jarraitzeko asmoa erakutsi zuten: “Sikatuta zegoen erlauntza eztiz blaitzera gatoz”.
Lokalaren inaugurazioa
Bide horretan, Ziztada Gune Askea uztailaren 24ko Ziztada Egunagaz inauguratuko dutela iragarri zuten eta herritarrak Ziztada Gune Askean zein inaugurazioko ekitaldietan parte hartzera gonbidatu zituzten: “Guztiok duzue tokia hemen”.
UZTAILAREN 24KO EGITARAUA
- Goizean zehar: umeentzako josalak.
- 12:00etan: Soinu teknikari ikastaroa.
- 14:00etan: Bazkari autogestionatua, bakoitzak berea eraman eta elkarbanatuta.
- 16:00etan: Gontzal bakarlariaren musika.
- 18:00etan: Zornotzako taldeen kontzertuak: Narcissus, Zirkinik Bez, Primeros Auxilios, Steepers, Kodigo 66 eta Saltavallas.
- 23:00etan: Kalejira herritik zehar.