Lokal hutsari erabilera publikoa ematea dute helburu okupatzaileek. Horrela azaldu du Xabi Gutierrez mugimenduko kide batek: “Etxe hutsen aurrean okupazioa zilegia dela uste dugu. Ezin dugu herrian hainbeste lokal hutsik eduki, ezelango erabilera barik eta erdi erortzen”. Lokala atondu eta kultura alternatiboa eskaini gura dute bertan: “Gune aske bat izango da, mundu guztiari zabalik egongo dena. Administrazioen kultura eskaintzak ez du gazteen kultura nahia asetzen eta alternatibak eskaintzen saiatuko gara: antzerkia, musika, ikastaroak, umeendako ekintzak eta abar beste modu batean antolatzea da asmoa, kapitala edo dirua oinarri ez duen beste era batean”.
Okupatzaileen nahia bizilagun eta komertzioei ahalik kalterik txikiena eragitea da: “Gure ideia hasieratik gauzak ondo egitea izan da”, dio Gutierrezek. Horregatik, lokala okupatu eta segituan lokalaren jabearekin hartuemanetan jarri ziren okupazioaren berri eman eta bertarako zer proiektu duten jakinarazteko: “Barruan istripuren bat gertatzen bazen bere erantzukizuna izango zela zen jabearen ardura nagusia. Beraz, kontratu prekarioa deritzona proposatu genion. Kontratu horren bidez barruan gertatzen denaren erantzukizuna gure gain hartzen dugu”. Oraingoz jabearen erantzunaren zain gaude: “Aukera denak zabalik daude. Akordiora heltzea, berak salaketa jartzea… ikusiko dugu”. Bitartean lokalean eguneko 24 orduetan dago jendea; txandaka egoten dira, gauez ere bai. Baina behin behineko neurria da eta argi utzi gura dute inork ez duela bertan bizitzeko asmorik. Era berean, herrian irten den zurrumurru bat ere argitu gura izan dute: “Ez dugu eraikin osoa okupatu eta ez dugu horretarako asmorik. Beheko lokala da okupatu duguna”.
Lokala okupatzeaz batera hartutako beste neurri bat inguruko auzolagun eta komertzioan artean ekimenaren berri ematea izan zen. Besteak beste, “ahalik molestia gutxien eragiten” saiatuko direla adierazi eta zaratarekin inor molestatzen bazuten abisatzeko eskatu zieten.
Sasoi bateko taberna izan zen lokala
Okupatutako lokala taberna bat izan zen sasoi batean eta 15 bat urte hutsik zeramatzan. Taberna baten ohiko espazio banaketa du, eta “gauzak egiteko aukerak eskaintzen ditu”. Hautsez eta zikinez beteta aurkitu zuten eta egunotan garbitzen eta atontzen dihardute.
Gutierrezen esanetan mugimendu honen barruan adin tarte zabaleko jendea dago: “16 bat urtetik 50 urtera arteko jendea dago. Gazteen eta hain gazte ez direnen arteko zubia eraikitzea lortu dugu; denak ideia baten alde batu dira”.
Lokala barrualdetik: