Zapatuan lokal bat okupatu zutenen aurkako salaketa ipini du jabeak

Anboto 2015ko mai. 28a, 12:59

Joan zen zapatuan, Luis Urrengoetxea kaleko lokal bat okupatu zuten hogei bat zornotzarrek. Kultura alternatiboa eskaintzeko gune bat eraikitzea dute helburu. Baina lokala pribatua da, eta jabeak salaketa jarri zuen eguaztenean.


Egun bereko iluntzean, “ertzainak lokalera joan ziren, barrruan zeuden pertsona bi identifikatu zituzten, eta salaketaren berri eman zieten”, Xabi Gutierrez mugimenduko kideetako batek azaldu duenez. Orain epaileak erabakiko du aurrera begirako prozedura, eta azken helburua lokala hustea da. Bitartean, okupatzaileek batzar bat egingo dute, egoera honen aurrean zer egin erabakitzeko.  

Sasoi batean taberna bat izan zen lokal hori, eta hamar urtetik gora hutsik zeramatzan. Okupatzaileek lokal hutsari erabilera publikoa ematea dute helburu: “Etxe hutsen aurrean okupazioa zilegia dela uste dugu. Ezin dugu herrian hainbeste lokal eduki hutsik”, azaldu du Gutierrezek. Kultura alternatiboa eskaini gura dute bertan: “Gune aske bat izango da, mundu guztiari zabalik egongo dena. Antzerkia, musika, ikastaroak, umeentzako ekintzak… Beste modu batean antolatzea da asmoa, kapitala edo dirua oinarri ez duen eredu bategaz”.

Okupazioaren ostean inguruko auzokide eta saltokiei ekimenaren berri eman zieten. “ahalik eragozpen gutxien eragiten” saiatuko direla adieraziz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!