Historia egiten jarraitzeko asmoz joango da Zornotza Guadalajarara

Anboto 2015eko maiatzaren 8a

Zornotzak eta Cambadosek Larrean jokatu zuten lehen partiduko irudia.

Zornotza Saskibaloi Taldeak Urrezko Ligarako igoera fasearen finalaurreko kanporaketa hasiko du gaur, Guadalajaran. Sekula ez da hain urrun heldu, baina taldea ez da egindakoagaz konformatzen. Presio barik eta ilusioz gainezka, historia egiten jarraitzeko prest dago.

Igoera faseko final laurdenetan, Galiziako Xuven Cambados kanporatu du: 2-0. Etxean nagusitasunez irabazi (91-70), eta kanpoan latz sufritu du: 73-75. Ander Garciak azken segundoan lortu zuen garaipenaren saskiratzea: “Oso pozik eta harro gaude taldeak egindako lanagaz”, adierazi du Mikel Garitaonandia entrenatzaileak.

Guadalajararen kontrako kanporaketa oraindino erronka handiagoa izango da. Garitaonandiaren ustez, Guadalajarako jokalariek “seguruenik ligako talderik sendoena osatzen dute gaur egun”. Batez ere, partiduan euren jokamoldea ezartzea lortzen dutenean dira arriskutsuak; baloi jabetzak luzatzea gustatzen zaie, jokoa presarik gabe antolatzea. Horregatik, “oso garrantzitsua izango da euren erritmo geldotik irtetea”. Zornotzaren helburua erritmo biziagoan jokatzen ahalegintzea izango da: “Guk erritmoa behar dugu, eta, hori lortu ezik, oso zaila izango da partidu bat irabaztea han. Alaitasunez jokatu behar dugu. Hori lortzen badugu, irabazteko aukera izango dugu. Gu ilusioz goaz”.

Aurreneko biak kanpoan
Igoera faseko finalera sailkatzeko hiru partidu irabazi behar dira. Aurreneko biak Guadalajaran jokatuko dituzte, gaur eta domeka arratsaldean. Hurrengo partidu biak Zornotzako Larrea kiroldegian izango dira, maiatzaren 15ean eta 17an. Bosgarren partidu baten beharrik balego, berriro Gualajarara joan beharko lukete zornotzarrek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!