Ander Garciaren azken uneko saskiratzeak finalerdietarako txartela eman dio Zornotzari

Anboto 2015ko mai. 4a, 12:07

Zornotza Saskibaloi Taldeak Urrezko Adecco Ligara igotzeko finalerdiak jokatuko ditu. Asteburuan 73-75 irabazi zion Xuben Cambados taldeari. Ander Garciak azken segundoan sartu zuen saskiratze erabakigarria. Finalerdietan Guadalajara izango dute kontrario. (Bideoa: Zornotza S.T.)

 

Etxean lehenengo partidua irabazi ostean, Zornotzak bazekien galduta ere aurrera egiteko beste aukera bat geratzen zitzaiola Larrean. Lasaitasun txiki horrekin joan ziren Galiziara zapatuan. Zorionez, Zornotzak Galizian bertan lortu zuen hurrengo faserako txartela. Ander Garcia izan zen partiduko protagonista nagusia.  Iaz Xuben Cambados taldean jokatu zuen eta aurten bere talde ohia kanpoan utzi duen saskiratzea lortu zuen azken jokaldian. Horrelakoa da kirolarien ibilbidea. Markagailuak berdinketa erakusten zuen (73-73) eta segundo bi eta erdi falta ziren partidua amaitzeko. Salazarrek ondoko sakea atera eta Sasa Borovnjak-ek jaso zuen baloia; honek ez zuen jaurtiketan asmatu, baina han agertu zen Garcia bergararra errebotea hartu eta esku bakarrarekin baloia uztai barrura bidaltzeko. Poza eta zoramena nagusitu ziren jokalarien eta bertaratutako zale zornotzarren artean. Ez zen gutxiagorako: kontuan hartu behar da Galiziako taldea iazko azarotik etxean partidurik galdu gabe zegoela; 11 garaipen zeramatzan bata bestearen atzetik.

Partidua, oro har, berdindua eta borrokatua izan zen. Lehen laurdena 21-22 amaitu zen zornotzarren alde. Bigarren laurdenean zornotzarrak ez ziren gustura geratu epaileen lanagaz eta, gainera, Mikel Garitaonandia entrenatzaileari teknika adierazi zioten protesta egiteagatik. Hala ere, Zornotza markagailuan aurretik heldu zen atsedenaldira: 38-41.

Hirugarren laurdena Galiziako taldearentzat izan zen: 62-59. Azken laurdenean Cruz, Borovnjak eta Querok saskiratze garrantzitsuak lortu zituzten. Azken unean, luzapena jokatuko zutela ziruditenean, Garciak garaipena eta finalerdietarako txartela eman zion Zornotzari: "Galizian irabaztea oso zaila da, 11 partidu segidan irabazita zituzten. Lan asko egin genuen eta partidua oso berdinduta eraman genuen azken unera arte. Gu jaurtiketa libreetan ibili ginen okerren eta horregatik konfiantza aldetik justu heldu ginen azken txanpara. Hala ere irabaztea lortu genuen Anderren saskiratze horrekin. Oso pozik gaude eta oso harro taldeak egindako lanarekin", azaldu du Mikel Garitaonandia entrenatzaileak.

Finalerdietan Ceba Guadalajara izango dute kontrario. Guadalajarak Viten Getafe taldea kanporatu du. Aurrera egiteko hiru partidu irabazi beharko dituzte. Lehenengo biak Guadalajaran jokatuko dira barikuan eta domekan; hurrengo biak Larrean izango dira hurrengo asteburuko bariku eta domekan. Bosgarren partiduaren beharrik balego Guadalajaran jokatuko litzateke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!