Ander Garcia, Zornotza taldeko jokalaria: "Taldeak badu gaitasuna Guadalajaran irabazteko"

Anboto 2015eko maiatzaren 8a

Galizian jokatutako partiduko protagonista nagusienetakoa Ander Garcia bergararra izan zen. Sartutako 14 puntuetatik azkenengo biak ez ditu berehalakoan ahaztuko; taldeari garaipena eman zioten azken segundoan.


Zelan bizi izan zenuen azkenengo jokaldi erabakigarria?
Partidua nire saskiratze horrekin amaitzea… Ametsik onenean ere ez nuke horrelakorik pentsatuko! Errebotea jaso, eta denborari begiratu gabe jaurti nuen. Ez nekien saskiratzea denboraren barruan izan zen ala ez epaileak baiezkoa adierazi zuen arte.

Etxean nagusitasunez irabazi arren, bazenekiten hango partiduak ez zuela hemengoagaz zerikusirik izango.
Zaleek goraino betetzen dute kantxa, giro ederra egoten da… Bagenekien erronka zaila zela eta partidua detaileek erabakiko zutela. Azkenean, detaile hori gurea izan zen, baina alde batera zein bestera joan zitekeen garaipena.

Partidu berezia zen zuretzat, iaz Galiziako taldean ibili zinelako.
Bai. Horregatik ez nuen, hasieran, saskiratzea ospatu; errespetuagatik eta lagun asko ditudalako han. Partidu amaieran brometan esaten zidaten beste une bat aukeratu nezakeela saskiratzeko; baina, egia esanda, zoriondu egin ninduten, eta zorte ona opa zidaten hurrengo kanporaketara begira.

Zornotza Saskibaloi Taldea sekula ez da hain urrun heldu. Zelan sentitzen zarete klubean historia eginda?
Egia da, taldea inoiz heldu den faserik garrantzitsuenean gaude, baina lanean jarraitu behar dugu. Taldea gogor ikusten dut, eta uste dut oraindik historia gehiago egin dezakegula.

Hurrengo erronka Guadalajara da.
Ezagutzen dugu. Talde gogorra da. Badakigu zer egin behar dugun; lehenengo minututik azkenera borroka egin beharra dago. Beraiei erritmo lasaia gustatzen zaie, eta beste taldea erritmo horretara eramaten saiatzen dira. Joko biziagoa ezartzen saiatu behar dugu guk, eta, hori lortuz gero, eurek arazoak izango dituzte. Uste dut taldeak baduela gaitasuna han irabazteko.

Zelan sentitzen zara Zornotzan? Zelan doa denboraldia zuretzat?
Oso gustura nago Zornotzan. Etxe ondoan nago, Mikel [Garitaonandia] ezagutzen nuen, konfiantza hori badago… Primeran nago.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!