Zelaietara itzulera, Flavian Iliciren urtebetetze erregalurik onena

Anboto 2015ko mar. 2a, 16:11

Flavian Ilici 15 urteko gaztea

Sei hilabete itxaroten egon ostean, Flavian Ilici gazteak barikuan, bere urtebetetze egunaren bezperan, jaso zuen Amorebieta futbol klubagaz jokatzeko fitxa.

FIFAk nazioarteko jokalari gazteen fitxaketak mugatzeko duen legedia bat medio, Flavian Ilici partidu ofizialik jokatu ezinda ibili da denboraldi hasieratik. Iliciren kasuak ez duela inolako legerik hausten frogatu ostean, joan zen barikuan jaso zuten jokalariaren fitxa. Zapatuan 15 urte bete zituen eta domekan heldu zitzaion erregalurik onena: Etxean, Txolon futbol zelaian, titular aritu zen Loiola Indautxu taldearen kontra eta partidu osoa jokatu zuen.

Ilicigaz gertatu zaienak ikasteko balioko dio klubari. Haur-kategoriako taldean afrikar jatorria duen gazte batek jokatzen du eta umetatik Euskal Herrian bizi da; gurasoak lan kontuengatik etorri ziren hona. Irailera arte itxaron beharrean, badaezpada, hile batzuk lehenago hasiko dituzte bere fitxaren tramiteak, Iliciren kasua errepikatu ez dadin.

Klubeko ordezkariak pozik agertu dira Flaviren egoera konpondu delako, baina mezu kritikoa ere agertu dute: “Gure jokalariak jasan duen egoera beste inork ez duela pairatuko espero dugu. Gauza bat da ahulenen interesak defendatzea eta beste bat 10 urtean hemen bizi den gaztetxo bati futbolean jokatzea eragoztea”.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!