Amorebieta futbol taldeak “justizia” eskatu du Flavian Ilici kadetearen kasuan

Anboto 2015ko ots. 3a, 09:00

Amorebieta eta Leioa taldeko jokalariak joan zen zapatuko partidua hasi aurretik.

Amorebieta futbol klubean ari den Flavian Ilicik ezin du partidu ofizialik jokatu. FIFAk nazioarteko jokalari gazteen fitxaketak mugatzeko duen legedia da arrazoia. Klubeko ordezkariek diote jokalariak ez duela araurik hausten, “gurasoak ez zirelako Erramuniatik Euskal Herrira etorri futbolari lotutako arrazoiengatik”. Zapatuan, Bigarren B Mailako partidua hasi aurretik, “justizia” egin dadila eskatzen zuen pankartagaz zelairatu ziren lehen taldeko jokalariak.

Flavian Ilici ‘Flavi’-k 14 urte ditu Errumian jaio zen eta gaur egun Arratian bizi da. Lau urte zituela etorri zen Euskal Herrira, gurasoek hemen lana aurkitu zutelako. Kimu mailan hasi zen Amorebietan jokatzen; iaz Athleticekin ibili ostean, aurten Amorebietagaz dabil berriro, kadete mailan. Ez du entrenamendu batera hutsik egiten, baina ezin du partidu ofizialik jokatu. Zergatik? Nazioarteko adin txikiko futbol jokalarien fitxaketak mugatzen dituen FIFAren legediko 19. artikuluak du errua. Klubak argi du Flavianen kasuan ez dagoela arau hausterik, baina Espainiako Futbol Federazioa da kasu hau argitu guran FIFAgaz hartuemanetan dabilena, eta “FIFAri orain arte bidalitako dokumentazioa nahiko dela eta dena ondo dagoela  esan digute, FIFAren baiezkoari itxarotea falta dela, baina bitartean jokalariak ezin du jokatu”, dio Joseba Arana Amorebietako harrobiko koordinatzaileak.

Amorebietak Bizkaiko Futbol Federazioari bidali zizkion jokalariaren fitxa egiteko beharrezko datuak. Honek Euskadiko federaziora igaro zuen kasua; Euskadikoak Espainiakora eta, azkenik, Espainiakoak FIFAra. Bartzelona, Real Madril eta beste hainbat talderi buruhausteak eragin dizkion FIFAren legediaren 19. artikuluak —17. orrialdean— honakoa dio: “Nazioarteko transferentziak jokalariak 18 urte egiten dituenean bakarrik baimentzen dira”. Baina puntu horrek salbuespenak ditu, honako hau esaterako: Mota horretako transferentziak baimentzen dira beti ere “jokalariaren gurasoek euren bizilekua klubak bere egoitza duen herrialdera aldatu badute futbolagaz zerikusirik ez duten arrazoiengatik”. Hori da Flavianen kasua; lan arrazoiengatik etorri ziren Euskal Herrira Flavianek lau urte zituela.

Hori horrela dela erakusteko FIFAri beharrezko dokumentazio dena helaraztea da kontua; esaterako, Errumaniako federazioak FIFAri txosten bat helarazi diezaiola, Flavianek Errumaniako talde batekin ere ez duela inongo loturarik argituz. Espainiako federazioa dabil horretan eta erantzunik jaso gabe denbora aurrera doan bitartean, jokalariak ezin du jokatu. Alde batetik, Aranak ustez du Espainiako federazioak “filtro” moduan jarduteko ahalmena izan beharko lukeela: “Filtro moduan balio ez badute, zertarako daude federazioak? Zuzenean FIFAra joango ginateke”. Baina, behin kasua dagoen puntuan egonda, ezelango aurrerapausurik ez dutela ikusten da kezkatzen dituena: “Dozena erdi bider nik neuk deitu dut Espainiako federaziora. Erantzuna beti berdina izan da: dena ondo dagoela eta FIFAren baiezkoa jasotzea falta dela. Behar balitz gu prest gaude Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailera joan eta Flavianek hezkuntza akademikoa hemen jaso duela ziurtatzen duen txostena lortzeko. Edo beste edozer egiteko. Baina federazioak dena ondo dagoela dio, erantzunari itxaron behar diogula”.

Leioa futbol taldeari ere antzerako zerbait gertatzen zaio Gustavo izeneko jokalari batekin. Horregatik, joan zen asteburuan Urritxen Amorebietak eta Leioak elkarren kontra jokatzen zutela aprobetxatuz, pankarta  bateratu batekin zelairatu ziren: ‘Justizia Flavi eta Gustavorentzat’.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!