Kaleratze zuzen bi izan dira Barloworld enpresan

Anboto 2014ko urr. 14a, 12:52

Barloworld enpresako zuzendaritzak eta estatu osoan zehar banatutako fabriketako langileek akordioa adostu zuten joan zen astean. Akordioaren arabera, 177 beharrean 71 langile kaleratuko dituzte. Zornotzari dagokionez, hiru izan dira kaleratuak: horietako bat Zornotzako lantegiak Iruñean duen ordezkaritzan zebilen, eta bere borondatez hartu du erabakia. Beste biak Zornotzako lantegikoak ziren, eta asteon sinatu dute kitatze-agiria, Unai Marzana CCOO sindikatuko ordezkariaren esanetan.


Horietaz gainera, 64 urteko langile bat jubilazio prozesuan sartu dute, eta 59 urteko beste bi errelebo kontratuaren barruan.

Malagako eta Coruñako lantegiekin batera, Zornotzako lantegiak ezezkoa eman zion proposamen orokorrari: 38 ezezko boto eta 20 baiezko. Bozketa orokorra errespetatzen dute beharginek, baina Zornotzako lantegiko arduradunei hiru kaleratzeak eragozteko proposamena aurkeztu zieten: langile bat beste sail batean birkokatzea proposatu zuten, eta beste soldata biak amortizatzeko denen artean ordu estrak egitea. Zornotzako kudeatzaileek zuzendaritza orokorrera bidali zuten proposamena, baina ez zieten onartu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!